icono menu icono cerrar menu Menua Itxi

Ezagutu Baltzolako kobak eta haien inguruak

24 Octubre 2024 10:21
Cuevas de Baltzola

Naturan deskonektatu egiten dugu, berriro konektatzeko, eta Euskadin oso ondo dakigu hori. Euskal Herri osoan daude leku dotoreak, baina batzuk masifikatuegiak. Hona hemen sekretu txiki bat mundutik ihes egin eta lurrarekin konektatzeko: Baltzolako kobak. Ezagutu koba hauek eta haien inguruak eskaintzen dizuten guztia.

Hemengoa bazara, ziur baduzula Urkiolako Parke Naturalaren berri —gure nortasunaren parte baita—, baina agian ez zenekien altxor txiki hau zuenik barruan.

Cuevas de Baltzola

Ezagutu Baltzolako kobak eta haien inguruak

Haitzulo hauek, milaka urtetako higadurak eratuak, Dimako txokorik bisitatuenetako bat dira. Natura, pazientziaz, harria moldatzen joan da, eta, azkenean, denok ezagutzen dugun espazio ikusgarri hau sortu du.

Urtero, bisitari ugari hartzen ditu guneak: historialariak, eskalatzaileak, ekologistak eta mendizaleak. Denek helburu bera dute: Baltzolako koben edertasunaz eta xarmaz gozatzea. Oraindik joan ez bazara, agian orain da gure altxor hurbilenekoetako bat berraurkitzeko garaia.

Zer ikusi Baltzolako kobetan

Arratia haranaren bihotzean, bi bitxik dute protagonismo osoa: Baltzolako kobek eta Jentilzubi arkuak.

Milaka urtetan zehar elementuek zizelkatutako mirari hauek aitzakia ezin hobea dira gure mendien hegaletan sartzeko eta hainbeste ematen digun lur honen esentziarekin konektatzeko. Egiazkotasunaren aldekoa bazara, plan hau Euskadi hutsa da.

Koba harrigarri horien barruan ikuskizun natural bat duzu zain. Hemen, estalaktita eta estalagmita klasikoak ikusteaz gain, gerta daiteke ahuntz-taldetxo batekin topo egitea, bai eta inguru hori beren etxe bihurtu duten beste animalia batzuekin ere.

Cuevas de Baltzola
Google Maps

Galeria nagusian sartzera animatzen bazara, alboetan agertzen diren kobazulo txikiak ikusiko dituzu; guztien artean, abenturara gonbidatzen zaituen labirinto natural bat osatzen dute. Txoko bakoitza arakatzen gozatzen duten horietakoa bazara, ez ahaztu kopetako argi on bat eramatea, iluntasuna baita nagusi hemen.

Behin barruan, isiltasunak biltzen du dena. Leku hau lasaitasunaren babesleku bat da, ezin hobea zaratatik deskonektatzeko eta egiazko naturarekin konektatzeko. Hori bai, ongi prestatua etorri: oinetako egokiak, linterna eta jaka on bat, barruan tenperatura jaisten baita eta hori ongi sumatzen baita.

Goian, haitzuloaren goiko aldean, bi informazio-panel aurkituko dituzu, Bizkaiko txoko magiko honen historia kontatzen dizutenak. Gure sustraiei eta gure inguruari buruz gehiago jakin nahi baduzu, ez utzi alde batera.

Baltzolako koben inguruak: Jentilzubi arkua eta Axlor aztarnategia

Jentilzubi izena euskarazko bi hitzen loturatik dator: jentilak eta zubia. Jentilak euskal mitologiako pertsonaiarik mitikoenetako batzuk dira: sekulako indarra eta itxura basatia zuten erraldoi pagano haiek.

Bigarren hitza euskarazko zubia da. Elkartuta, "jentilen zubia" osatzen dute, edo, izen ofizialaren arabera, Jentilzubi.

Zubi edo arku natural hori Baltzolako kobek antzina zuten galeria baten aztarna da, eta gaur egun zutik dagoen haren lekuko bakarra. Haitzuloekin batera, hura da inguruko lekurik bisitatuenetako bat, eta nahitaez argazkia ateratzeko geraleku.

Eta onena da esperientzia nola bizi hauta dezakezula: zubiaren azpian nahiz gainean atera dezakezu argazkia. Zuk erabakiko duzu zein angelutatik sortu oroigarria.

Jentilzubiren babespean dago Axlor, historiaurreko aztarnategi bat. 1967 eta 1974 artean induskatu zen, eta argi erakutsi du neandertalak bizi zirela han duela 50.000 urte baino gehiago.

Gune arkeologiko hori Jose Migel Barandiaranek aurkitu zuen 1932an. Bizkaiko zaharrenetakoa da, eta urteetan zehar era guztietako kalteak jasan ditu. Biak, Jentilzubi eta Axlor, gure sustraien sakontasuna gomutarazten diguten historia- eta kondaira-zatitxoak dira.

Nola iritsi Baltzolako kobetara Bilbotik, Gasteiztik eta Donostiatik

Baltzolako kobak Dima udalerrian daude, Bizkaiko Arratia haranaren erdian, itsas mailatik 400 bat metrora. Koba horiek ingurune natural zoragarri batez inguratuta daude, eta Urkiolako Parke Naturaleko altxorrik bisitatuenetako bat dira.

Bisita bat egiteko gogotsu egongo zarenez, hona hemen zenbait argibide, Euskadiko hiri nagusietatik —Bilbo, Donostia eta Gasteiz— autoz zein garraio publikoan iristeko.

Nola joan Baltzolako kobetara Bilbotik

Bilbotik bazatoz, nahiko erraza da Baltzolako kobetara iristea. Autoz, AP-8a har dezakezu Donostiarako edo Gasteizerako noranzkoan, eta 101. irteeran irten, N-240 errepidera. Galdakaora eramango zaitu. Handik, N-240 errepidetik jarraitu, Dimara iritsi arte, eta han aurkituko dituzu Baltzola auzorako jarraibideak.

Bilbao a Baltzola

Garraio publikoa nahiago baduzu, Termibusetik Otxandio edo Artea aldera doan A3927 (Bizkaibus) autobusa har dezakezu, eta Diman jaitsi. Handik, 30 bat minutuko ibilaldia duzu kobetaraino. Ibilbide osoak ordu eta erdi inguru eramango dizu, autobuseko zatiak eta ibilaldiak barne.

Nola joan Baltzolako kobetara Donostiatik

Donostiatik irteten bazara, autoan ordu eta laurden inguruko bidaia duzu. Hartu AP-8a Bilborako noranzkoan, eta N-240 errepidera iristean, Galdakaorantz jo eta Dimaraino jarraitu. Behin Diman, Baltzola auzora daramaten jarraibideei segitu besterik ez duzu egin behar.

Donostia a Baltzola

Garraio publikoa nahiago baduzu, lehenik eta behin Donostiako autobus-geltokitik Bilbora doan autobusa hartu beharko duzu. Behin Bilbora iritsita, lehen aipatutako prozesu bera egin: Termibusen A3927 autobusa hartu Dimaraino, eta, ondoren, haitzuloetara oinez joan.

Nola joan Baltzolako kobetara Gasteiztik

Gasteiztik ere erraza da haitzuloetara iristea. Autoz, N-240 errepidea har dezakezu, Bilborako noranzkoan. Jarraitu errepide horretatik Dimara iritsi arte, eta handik Baltzola auzorako bidea hartu.

Baltzola desde Vitoria Gazteiz

Garraio publikoa nahiago baduzu, autobusa hartu beharko duzu Gasteizko geltokitik Bilboraino, eta, behin Bilbora iritsita, Termibusetik abiatuta eman ditugun garraio publikoko jarraibideei segitu. Guztira, bi ordu eta erdi inguruko bidaia izango da, Bilboko autobus-aldaketa eta haitzuloetarako ibilaldia kontuan hartuta.

Espero dugu gida honek animatuko zintuela Baltzolako kobak arakatzera eta Euskadiko txoko horrek eskaintzeko duen guztiaz gozatzera. Autoan joan nahiz garraio publikoan joan, abentura ziurtatua duzu.

Eta naturaz gozatzen duzun bitartean konektatuta egon nahi baduzu, ez ahaztu Guuk-en tarifa bat eskuratzea, estaldura bikaina eta tarifa lehiakorrak eskaintzen baitituzte munduan gertatzen den ezer huts egin ez dezazun. Beraz, presta zaitez Baltzolako kobetako mirariak ezagutzeko eta une oro zure sareetan partekatzeko. Ondo joan!

Erlazionatutako berriak