icono menu icono cerrar menu Menua Itxi

Euskarazko libururik onenak zure ebookerako aurtengo udarako

08 Julio 2022 09:47

Uda garai ona da irakurtzeko. Izan ere, etzaulki batean eseri eta istorio batean murgiltzea beltzarantzen zaren bitartean. Ba al dago gauza lasaigarriagorik? Hondartza asko gustatzen ez bazaizu, oporretan, edozein tarte har dezakezu liburu bat hartu eta burua beste norabait eramateko.

Beharbada uda oro zure udal-liburutegira bisita egingo duzu edo liburu berriak erostera joango zara, eta gero ez duzu jakingo etxean non gorde... Horregatik, interesgarria izan daiteke liburuak formatu digitalean erostea eta ebookak edo liburu elektronikoak erabiltzea. Ikusi nahi al duzu zer abantaila dituzten?

Ebooken abantailak

Liburu elektronikoek abantaila asko dituzte liburu tradizionalen aldean. Oporretara joatekoa bazara, maletan leku gutxiago beharko duzu, eta etxeko apaletan ez diezu lekurik gorde beharko.

Liburu elektronikoak Guuk-en tarifak bezalakoak dira, betirako; USB memoria batean gorde ditzakezu, eta eskura izango dituzu behar dituzun guztietan. Beste abantaila bat da liburuaren letra-tamaina, irudiak eta ezaugarri guztiak zuk nahi bezala egokitu ahal izango dituzula. Gainera, behar izanez gero, kontsultatu nahi dituzun hitzak aukeratu, markatu edo azpimarratu ahal izango dituzu.

Euskarazko libururik onenak zure ebookerako aurtengo udarako

Udan euskaraz irakurtzearen onurak

Irakurtzea oso jarduera arrunta da udan. Izan ere, entretenigarria izateaz gain, oso osasungarria da; batez ere, Instagrameko zure ezagunen istorioak ikusteaz aspertuta zaudenean.

Ba al zenekien giza garunak dopamina eta serotonina sortzen dituela irakurtzen duenean? Osagai kimiko natural horiek pertsonen ongizate-sentsazioarekin lotuta daude. Horregatik, ezagutza berriak eskuratzeaz gain, irakurtzen dugunean erlaxatuta eta bare sentitzen gara. Zer gehiago eska dakioke udari!

Gainera, hizkuntza bat ikasten ari bazara edo zure maila hobetzen saiatzen ari bazara, hiztegia aberasten lagunduko dizu irakurtzeak. Guuk-ek aurreko batean aurkeztu zizkizun euskara praktikatzeko aplikaziorik onenak. Gaur, ebookerako euskarazko liburuen zerrenda bat dakarkizugu. Adi!

Euskarazko 7 liburu udan irakurtzeko

Enda, Toti Martínez de Lezearena

Toti Martínez de Lezea autore ezagunaren azken lanetako bat da Enda. Historia eta tradizioak ditu ardatz lanak, Erdi Aroko kutsuarekin. Horregatik, Erdi Aroko eleberriak gustuko badituzu, asko gustatuko zaizu pertsonek dragoi eta erraldoietan sinesten zuten garai ilun hartan murgiltzea.

Kabitu ezina

Zortzi istorio jasotzen ditu Aintzane Usandizagaren lehen liburu honek. Eguneroko bizitzari eta giza harremanei buruzko zortzi ipuin dira. Egun guztietako egoerak azaltzen dituzten kontakizunak dira, zaurian atzamarra sartzen duenaren ikuspegitik kontatuak.

Ama, eme, ume

Erika Lagoma Pombarrek eta Estitxu Fernández Maritxalarrek idatzi dute lan feminista hau, euskaraz. Tradizioz emakumeei esleitu zaizkien lanez hitz egiten dute, hala nola haurdunaldiaz, erditzeaz eta haurren hazkuntzaz.

Aitaren etxea, Karmele Jaiorena

Azken urteotako euskarazko literaturaren klasikoetako bat da Karmele Jaio idazle gasteiztarraren lan hau. Murgil zaitez istorio honetan. Ismael idazle arrakastatsua da, eta bi urte daramatza hurrengo eleberria idazten. Halako batean jakin du hiritik gertu, Gasteiztik gertu, mendian, emakume baten gorpua aurkitu dutela.

Atarian

Maixa Zugasti idazle tolosarrak 2022an argitaratutako liburu honek bizitzaren amaierara iristean mahaigaineratzen diren gaiak jorratzen ditu: oinordetza-arazoak, boterea, dirua, etab. Hiru pertsonaia eta hiru ahots, maitasuna bitarteko bakarra dela.

Gezurra berdaderoa, Bertol Arrietarena

Bertol Arrieta idazle zarauztarraren lehen eleberriak euskal literaturan lantzen ez diren ezaugarriak ditu. Erotismo-ukituz eta umorez zipriztindua, bizitzeko gogoari dei egiten dion kantu bat da. Lan ezin hobea oporretan gozatzeko eta energiaz kargatzeko.

Obabakoak, Bernardo Atxagaren klasikoa

Uda une egokia da gure literaturako klasiko nagusien errepasoa egiteko ere. Bernardo Atxagaren Obabakoak lanak 34 urte bete ditu, baina Obabako biztanleen istorioekin irakurleak maitemintzen jarraitzen du. Oraindik ez al duzu ezagutzen?

Euskarazko libururik onenak zure ebookerako aurtengo udarako

Haurrentzako liburuak udan irakurtzeko

Helduok euskara praktikatzeko aprobetxa dezakegu, euskarazko liburuak irakurriz, baina komeni da, halaber, haurrak eta gazteak irakurketarekin dibertitzea udako oporretan.

Hiztegia hobetzeaz gain, errazago barneratuko dituzte euskarazko esamoldeak. Hitzak buruz ikasi beharrean, irakurtzen dugunean gure garunak informazioa prozesatzen du, eta ideiak barneratzen ditu, esfortzurik gabe. Guuk-ek lehenago ere aipatu izan dizkizu etxeko txikiek euskara erabiltzeko onlineko tresnak, hala nola Txikipedia, entziklopedia online eta euskaraz. Oraingoan, haurrentzako bi liburu-sail utziko dizkizugu, zure ebookean sar ditzazun eta haiek ere beren opor luzeetan irakurtzeko aukera izan dezaten:

Txano eta Oscar anaien abenturak

Txano eta Oscar anaia bikiek meteorito bat erortzen ikusi dute, eta udako ibilerak kontatzen dituzte ipuin ilustratuen sorta honetan. Besteak beste, hauek: Kristalezko kaiola, Harri Berdea eta Maxi operazioa.

Stilton dut izena. Geronimo Stilton

Geronimo Stilton liburu-saila Geronimo Stiltonen abenturei buruzkoa da, zeina Sagurainen jaio baitzen, Saguen Uhartean. Literatura Arratoitsuaren Sagulogian eta Filosofia Arkeosagutiar Konparatuan lizentziatua da. Duela hogei urtetik, Saguen Uharteko egunkaririk ospetsuena zuzentzen du: Sagukaria.

Erlazionatutako berriak