icono menu icono cerrar menu Menua Itxi

Euskadin grabatutako telesail guztiak. Ezagutu itzazu!

29 Noviembre 2022 16:07
Series que se han grabado en Euskadi

Zer telesail filmatu dira Euskadin? Guuk-en, film eta telesail onen jarraitzaileak gara. Hori dela eta, ikusleek gehien txalotu dituzten telesail batzuk girotzeko aukeratutako lekuetan barrena eramango zaitugu. Euskadin filmatu diren filmak ere izan ditugu hizpide beste artikulu batean, eta, orain, beren istorioak kontatzeko agertoki gisa gure lurraldea aukeratu duten telesailak birpasatuko ditugu.

Zalantzarik gabe, Euskadik paisaia eta bazter zoragarriak ditu; beraz, ez da harritzekoa produkzio-etxe handiek zein txikiek Euskadiko txokoak aukeratu izana film luzeak eta telesailak grabatzeko.

Horien artean, badira nazioarteko telesail ezagunak, hala nola Game of Thrones, bai eta izaera sozialekoak ere; esate baterako, Intimidad eta Patria. Ezi ahaztu orobat Youtubeko beste telesailik ezagunenetako bat: Qué vida más triste. Milioika jarraitzaile lortu dituzte lan horiek guztiek, eta gure kale, txoko eta paisaien edertasuna eta xarma lau haizeetara zabaldu dituzte.

Zer telesail grabatu dira Euskadin?

Guuk-en, Euskadiko herri eta hirietan grabatu diren ekoizpenetako telesailik berrienak eta ezagunenak errepasatu nahi izan ditugu.

Goenkale

Ezin genuen beste modu batera hasi zerrenda hau, nahitaezkoa baita ikono bihurtutako euskal telesaila aipatzea: Goenkale. ETBk emandako erreferentziazko euskarazko telesailetako bat izateaz gainera, katearen audientziarik handieneko saioetako bat izan zen.

22 denboraldi izan zituen, eta Europan denboraldi gehien iraun duen telesaila da. Aktoreen artean, Itziar Ituño eta Barbara Goenaga ditugu, besteak beste.

Euskal telenobelak Arraldeko bizilagunen eguneroko bizitzari buruz dihardu. Fikziozko herri bat da Arralde, Euskadiko kostaldean kokatua, eta Orion eta Tolosan filmatu zen batik bat. Zalantzarik gabe, belaunaldiz belaunaldi igaro den telesail bat da, eta oraindik ere nostalgia handia eragiten du jarraitzaileen artean.

Juego de Tronos

Euskadin filmatutako telesail guztien artean, Game of Thrones da garrantzitsuena eta oihartzun handiena izan duena; horren erakusgarri da filmazioaren ondoren Gaztelugatxeren inguruan sortutako fan-fenomenoa.

Zientzia-fikziozko ekoizpen honek Gaztelugatxeko (Bermeo) uhartetxo ezaguna aukeratu zuen Dragonstoneko eszenak girotzeko agertoki gisa. Leku benetan magikoa da, zalantzarik gabe, eta oso ederra, haizeak eta euskal kostaldeko olatuek 241 mailako eskailera astintzen dutenean. Agertoki paregabea, zinez.

Horretaz gainera, Zumaian ere grabatu da Game of Thrones, Daenerys Dragonstonera itsasontziz iristen den sekuentzia batean.

Bestalde, Barrikan ere bada milaka ikusle erakarri dituen telesail honetako beste agertoki bat. Muriolako hondartza aukeratu zuten, Tyrion Lannister eta sir Davos King´s Landing-en lehorreratzeko.

cuantas series se han grabado en Euskadi  rodajes en el Pais Vasco

Intimidad

Ekoizpen honek Malenen istorioa kontatzen du. Etorkizun handiko politikari bat da Malen, baina etorkizuna nola iluntzen zaion ikusten du, beraren baimenik gabe grabatutako bideo intimo bat filtratzen denean.

Zortzi kapituluko telesail honetan, emakumezko aktore ezagun ugari bildu dira, hala nola Itziar Ituño, Verónica Echegui, Emma Suárez eta Ana Wagner, eta agerian uzten du delitu-mota horren biktimen zaurgarritasuna.

Intimidad Bilbon eta Bilboko aldirietan dago kokatua, eta hiriaren historia eta kultura agertzen dira; Bilboko udaletxea da telesaileko agertoki garrantzitsuenetako bat.

La víctima nº8

Zortzi ataleko telesail honek polizia-ikerketa bat du ardatz; Bilboko Zazpi Kaleetako atentatu jihadista baten errudunak aurkitu beharko ditu poliziak.

Telemadridek eta EITBk batera ekoitzitako telesail honek ikuslea harrapatzea du helburu, eta, horretarako, jira-bira ugari egiten ditu tramak atentatuaren errudunen bila.

Kanpoalde eta barnealde naturaletan filmatuta dago oso-osorik, eta leku ezagun ugari ageri dira; esate baterako, Bizkaiko Zubi Esekia, Basurtoko Unibertsitate Ospitalea eta Areatzako Zubia.

Qué vida más triste

Interneten sortu zen aurreneko telesailetako bat izan zen, eta, gero, lortutako arrakastari esker, mainstreamera egin zuen jauzi, laSexta telebista-katera zehazki.

Natxo del Aguak eta Rubén Ontiverosek sortua da, eta eguneroko bizimoduari umore-puntu bat jartzen dakien gazte basauriar baten bizitza erakusten du; Borja Pérez da protagonistaren izena. Lehen denboraldietan, Borja Pérezen etxean bertan grabatzen ziren kapitulu gehienak, oso aurrekontu txikia baitzuten.

Allí abajo

Komedia honek Euskal Herriko mutil baten eta Sevillako neska baten arteko maitasun-istorioa kontatzen du. Jon Plazaola eta María León dira interpreteak, eta Donostia aukeratu zen iparraldeko uneak filmatzeko.

Atresmediaren eta Antena 3en ekoizpen honetan ere ospe handiko leku asko ageri dira: Aquariuma, Miramar jauregia, Igeldoko landa-turismoko etxe bat, Zumaiako San Telmo ermita eta lehen aipatutako toki bat, Gaztelugatxeko San Joan.

Patria

Fernando Arambururen nobelan oinarritutako telesail honek indarkeria dela-eta Euskadiko familia askotan gertatutako haustura erakusten du. Euskal aktore ugarik parte hartzen dute lan honetan; besteak beste, Elena Iruretak eta Ane Gabarainek, eta Soraluzen eta Elgoibarren filmatu zen.

Drama historiko honen produkzio-etxeak nobelaren garaira eramaten ditu ikus-entzuleak, eta ibai batek zeharkatutako eta mendiz eta berdetasunez inguratutako ibar batean murgiltzen.

Balenciaga

Telesail honek modako figura handi baten historia kontatzen du: Balentziaga Getariako diseinatzaile handiarena. Alberto San Juanek interpretatzen du inoizko diseinatzailerik garrantzitsuen eta ospetsuenetako bat izan zen haren rola.

Sei atalez osatua dago, eta Donostian, Getarian, Arantzazun, Irunen, Errenterian, Pasaian, Azpeitian, Andoainen, Hondarribian, Balmasedan, Karrantzan eta Gasteizen filmatu zen, besteak beste. Barruko eszenetako batzuk Zinealdea estudioetan egin ziren.

Presunto culpable

Urdaibaiko biosferaren erreserbako eta inguruetako zenbait lekutan filmatu zen fikzioa. Paisaiak funtsezko rola du telesailean, eta inguruaren edertasun ikusgarria erakustea lortzen du.

Thriller honek gizon baten istorioa kontatzen du (Miguel Ángel Muñozek interpretatua). Jaioterrira itzuliko da, Anne neskalaguna —Alejandra Onieva aktoreak interpretatua— sei urte lehenago desagertu zen lekura. Argitu gabeko hilketa baten inguruko trama honek pantailara itsatsita edukiko zaitu.

Euskadin grabatutako telesail guztien zerrenda

Orain arte, film nabarmenetako batzuk baino ez ditugu aztertu, baina asko dira Euskadin filmatu direnak.

Hona hemen Euskadin filmatu diren telesail guztien zerrenda:

  1. Intimidad
  2. Goenkale
  3. Game of Thrones
  4. Allí Abajo
  5. Qué vida más triste
  6. Patria
  7. Presunto Culpable
  8. Bertan Zoro
  9. Eskamak kentzen
  10. Euskolegas
  11. La línea invisible
  12. El mayorazgo de Labraz (telesaila)
  13. Mi querido Klikowsky
  14. El padre de Caín
  15. Patria (telesaila)
  16. Presunto culpable (telesaila)
  17. Balenciaga
  18. Qué vida más triste
  19. Vida loca
  20. Sin límites
  21. Érase una vez en Euskadi
  22. La Fortuna
  23. El Internado
  24. El mayorazgo de Labraz

Ikusten duzunez, gero eta gehiago dira Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako txokoak aukeratzen dituzten produkzio-etxeak. Batzuek basoen eta, oro har, naturaren edertasunak erakarrita egin dute aukera; beste batzuek, gure herri eta hirietako ohiturak eta espazio arkitektoniko eta urbano bereziek xarmatuta.
Espero dugu gure ideiek telesail eta filmen maratoi eder bat antolatzeko aukera ematea eta horietan guztietan ateratzen diren txoko guztiak ezagutu ahal izatea.

Erlazionatutako berriak