icono menu icono cerrar menu Menua Itxi

Zumaiako flyscha bisitatzeko gida, galdu gabe!

09 Marzo 2023 18:23
Guía para visitar los Flysch de Zumaia

Geologoen Euskadiko topagunea baino askoz gehiago da flyscha. Zumaiako flyschek mundu osoko jendea erakartzen dute, bai turistak, bai espezialista, historialari eta politikariak. Urtero milaka lagunen begirada erakartzen duen harkaitz-formazioa da.

Hain da hala, ezen ezinezkoa baita Gipuzkoako kostaldeko herrixketan zehar paseatzea hemendik igaro gabe. Flyschen geoparkea ezinbestean bisitatu beharreko tokia da Iberiar penintsularen eta, bereziki, euskal kostaldearen iragan geologikoaz gehixeago ulertu nahi duten euskaldun zein kanpotarrentzat.

Hau guztia zergatik ari garen kontatzen pentsatuko duzu ziur asko, flyschak aspalditik ezagutzen baitituzu. Bada, Guuken uste dugulako komeni dela merezi duten tokia ematea, eta, beraz, haien historiaren, bitxikerien eta, batez ere, egin daitezkeen ibilbideen berri emateko Ba al dakizu zein den Zumaiako flyschak bisitatzeko modurik onena?

Flysch de Zumaia

Zer dira Zumaiako flyschak?

Deba eta Zumaia arteko 8 kilometroetan era guztietako eta milioika urteko harkaitz-tolesturak daude. Zumaiako flysch deritze, eta Itzurungo itsaslabarretan dagoen balio geologiko handiko formazioa osatzen dute.

Bakanak direlako dira balio handikoak. Halako flyschak itsas higaduraren eragin handia duten eta gogortasun-maila desberdineko materialez osatuta dauden eremuetan bakarrik sortzen dira. Tolesturak sortzen dira pixkanaka, geruza gogorrak (kareharriak, arbelak edo hareharriak) geruza bigunagoekin (margak edo lutitak) txandakatzen baitira.

  • Bitxikeria 💡: kalkulatzen da Zumaiako flyschek duela 60.000 milioi urte inguru hasi zirela garatzen.

Itsasoak harkaitza kolpatzen du, eta geruza solidoenak bakarrik uzten ditu agerian, gainerakoak euskarririk gabe utziz. Batzuen eta besteen arteko babes-maila askotarikoaren ondorioz, silueta bitxiko harkaitzak eta oso tolestura zabalak sortzen dira kostalde osoan zehar.

Eta zergatik daude bertikal? Bada, plaka iberiarra eta plaka europarra inguru horretan banandu zirelako duela 33.000 milioi urte. Talkak euskal kostaldea altxatu zuen pixkanaka, tolestura horiek guztiak dagoeneko osatuta zeudela. Bi prozesuen konbinaziotik sortu zen egungo Geoparkea.

Nola bisitatu Zumaiako flyschak?

Harkaitz-pilaketa hutsa izatetik harago, Zumaiako flyschak Unescoren Mundu Ondarea dira 2015az geroztik, eta Geoparkeen Europako Sarearen eta Sare Globalaren parte dira. "Juego de tronos" seriea filmatzeko plato gisa ere balio izan zuten. Ez da gutxi. Horregatik, benetan merezi du ikustera hurbiltzeak, inguruan bazabiltza.

Zumaiako flyschak ikusteko modu asko daude, baina guk doakoak eta libre direnak aukeratu ditugu. Kostako inguru hau lasai ikusteko modurik onena da.

Zumaiatik Algorri hondartzaraino

Zumaiako erdigunetik abiatu eta segi Amaia Plaza kalera, beherantz. Flyschei buruzko informazio-kartelez betetako lurrezko bidexka batera iritsiko zara. Ibilbidearen amaierara arte jarraitu besterik ez duzu, Algorri hondartzara iristeko.

Kilometro bat baino gehixeagoko ibilbidea da, oinez 15 bat minutuan egiteko modukoa eta ia zailtasunik gabea. Behera begiratuz gero, begiratoki naturala ikusiko duzu, hondartza harritsuarekin eta tolestura bereizgarriekin.

Zumaia Algorri

Algorri hondartzatik San Telmo ermitaraino

Gorantz eginez eta itsaslabarra inguratuz, aurreko ibilbidearen aurkako noranzkoa egin dezakezu, San Telmo ermitaraino iritsi arte. Beste kilometro bateko bidea da, itsasoaren isla, flyschen kontrastea eta larrearen berdea ezaugarri dituena.

Ermita zuria 1540koa da, eta, mendeetan, milaka erromesen etxea izan zen. Toki paregabea da Zumaiako flyscharen eta Itzurungo hondartzaren argazki ikusgarriak egiteko.

Itzurungo hondartzatik

Flyschak ikusten hasteko, ez dago Zumaiatik atera beharrik. Herriaren itsasertza inguratzen duen Itzurungo hondartzan paseo bat egin dezakezu, formazio horiek ikusteko. Mendebaldeko muturrean ikusiko dituzu, San Telmo ermita itsaslabarren tontorrean altxatzen delarik.

Geoparkera askoz ikuspegi hurbilagotik bertaratzeko modu egokia da. Harkaitz-hormen altuera eta tolesturak benetan dira liluragarriak. Eta, bide batez, bainutxo bat ere har dezakezu.

Zumaiako flyschetarako ibilaldi programatuak

Zuzenean geoparkearen webgune ofizialera jo dezakezu, ingurunean programatutako jarduerei buruzko informazioa eskuratzeko. Gogoratu denboraz erreserbatzea eta ondo programatzea, data finkoa izaten baitute.

  • Flyscha, begirada batean: itsasontziko joan-etorria Debatik Zumaiara, oinez jaisteko aukerarekin. 17,00 euro pertsonako
  • Flysch beltza: oinez ibilaldia Zumaiako flyschean barrena. 8,00 euro pertsonako
  • Flyscharen ibilbidea: bidaia itsasontziz Zumaiatik Mutrikura, Deban barna. 25,00 euro pertsonako
  • Irteera geologikoa: bidaia osoena da, formazioa sakon aztertzen baitu; 20 euro pertsonako

Urtean zehar beste ibilaldi asko ere antolatzen dira. Horregatik gomendatzen dizugu webgunea bisitatzea etxetik irten aurretik. Kontuan izan Zumaiako flyschak bisitatzeko unerik onena beti itsasbehera dela.

Zer ikusi (bai ala bai) Zumaiako geoparkean

Geoparkearen barruan beste toki interesgarri asko aurkituko dituzu, flyschez gain. Kostatik barnealderaino doazen eta Gipuzkoako kosta osoaren historia geologikoari testuingurua ematen dioten formazio-multzoa da.

Itzurun - Algorri

Jada aipatu dugu. Zumaiako hondartzatik eta inguruetatik ikus daitezkeen flyschez ari gara. Sedimentuaren geruzek ebakitako harkaitz bertikalez osatutako horma handiak ikusiko dituzu. Hemen dauzkazu interpretazio-zentroa eta programatutako txangoen irteera-puntuak.

Elorriaga Auzoa

Kostaldetik pixka bat barrurantz egiten badugu oinez, kareharrizko Andutz eta Irraitz mendien inguruko paisaia berde eta leunekin egiten dugu topo. Geoparkearen hegoaldean gaude dagoeneko, eta horrek eremu osoaren ikuspegi panoramikoa ematen digu. Ez alde egin txakolina egiteko hazten diren inguruko mahastiak ikusi gabe.

Sakoneta

Ekialderago, kosta inguratuz, Sakonetara iritsiko gara, hots, Deba-Zumaia Biotopo Babestuaren erdigunera. Gune horretan ebakitzen dute nabarmenen flyschek Kantauri itsasoa. Surfean aritzeko eta mendi-ibiliak egiteko toki bikaina da. Mendatagaineko begiratokira joatea merezi du, Itxaspe Hondartza osoa ikusteko.

Saturraran

Mutriku pasatu eta Ondarroarantz goazela, Saturrarango hondartzara iritsiko gara. Ilargierdi-forma du eta hareatza zabala osatzen du harkaitzak nagusi diren eremu batean. Geoparkeko flysch-eremurik zaharrenean zaude, hau da, geruzak ilunagoak diren tokian. Informazio gehiago nahi izanez gero, Mutrikuko Nautilus museotik pasa zaitezke.

Olatz

Mutrikutik irten gabe, hartu GI-3562 errepidea Olatzera joateko. Larre berdez estalitako eta harkaitz-hormez inguratutako jatorri karstikoko ibar itxi batera iritsiko zara. Primerako tokia da euskal landa-mundua ezagutzeko, han-hemen dauden baserriez gozatzeko eta tokiko gastronomia dastatzeko ibilbide gidatua ere egiteko.

Lastur

Egin atzera etorri zaren tokitik, mendebalderantz. Lasturren, Itziarretik gertu, urak lurpera iragaztean osatzen dituen dolinek markatutako ibar handi bat ikusiko duzu. Eremua ezaguna da, han baitaude Plazaolako errotak, zeinek, XIV. mendeaz geroztik, ura aprobetxatzen baitute bertako biztanleak hornitzeko. Erreparatu inguruko ibilbideei, geoparkearen goialdera eramango baitzaituzte horietako batzuek.

Eta eskura izan beti mugikorra, bitxikeriarik edo datu interesgarririk ez galtzeko. Guuken tarifa onenak eskaintzen dizkizugu, Euskadi modu seguru eta beti konektatuan esplora dezazun. Ezagutu Gipuzkoa!

Erlazionatutako berriak