icono menu icono cerrar menu Menua Itxi

Zer gaztelu eta jauregi ikusi Nafarroan Historia eta bitxikeriak

27 Febrero 2024 13:00
Blog Guuk

Nafarroako paisaiak magikoak dira. Natura ederraz gain, ondare historiko handia ere badu Nafarroak, eta ondare horretan murgildu zaitezke hango gaztelu, gotorleku eta fortifikazioak bisitatzean. Zoaz lagunekin Nafarroako gaztelu eta jauregi onenak ikustera, eta ezagutu Nafarroaren historiako une garrantzitsuenak eta haiei buruzko bitxikeriak.

Beraz, ihesaldi edo bidaia bat egin nahi baduzu, bisitatu behar dituzun Nafarroako baso harrigarriez gain, bisita ditzakezun gaztelu txundigarrietako batzuk erakutsiko dizkizugu, zure egonaldi edo bisitak oroitzapen ahaztezina utz diezazun.

Palacio Olite

Zer gaztelu eta gotorleku bisitatu Nafarroan

Historiaz ari garenean, ezin dugu aipatu gabe utzi Nafarroa, Erdi Aroko garai luze batean Europako erresuma garrantzitsuenetakoa izana.

Garai hartako errege garrantzitsu batzuen egoitza izan zen, hala nola Antso Gartzeitz edo Karlos III.a, ondare arkitektoniko eta historiko aberatsaren aitzindariak, eta halaxe ageri da gaur egun bisita ditzakegun hainbeste eta hainbeste gaztelu, gotorleku eta katedraletan.

Prest zaude Nafarroako Erresumaren historia zirraragarriari buruz gehiago jakiteko? Hemen dituzu horretarako bisita ditzakezun gazteluetako batzuk:

Erriberriko gaztelua:

Estilo gotikoko Europako gaztelu garrantzitsuenetako bat. Jauregi hori urte askoan izan zen Nafarroako gortearen egoitza, eta Erdi Aroko gaztelu luxuzkoenetako bat izan zen garai hartan.

Gaur egun duen dotorezia Karlos III.ak XV. mendean agindutako berreraikitze baten ondorio da, alde batetik, eta beste handitze batzuetan erantsitako luxuzko ukitu originalen ondorio, bestetik: hala nola lorategi exotikoak, urrezko gelak, baita txoritegi eta lehoitegi bat ere.

Iruñetik 42 km-ra baino ez dago; bertatik bertara goza dezakezu jauregiaren harresi garaiez, gela dotoreez eta lorategiez, eta Erdi Aroko Nafarroan barneratu.

Xabierko gaztelua

Castillo de Javier Navarra

Zalantzarik gabe, Nafarroan historia handiena duten gazteluetako bat. Gotorleku hau, hasiera batean, defentsa-dorre izan zen. Hala ere, denborak aurrera egin ahala, eraldatuz joan zen, eta gaur egun Nafarroako gaztelurik politenetako bat dela jotzen da.

Haren edertasuna bada aski arrazoi hura bisitatzera joateko, baina benetan ezagun eta erreferentziazko egiten duena Frantzisko Xabierkoaren sorleku izatea da; 1506an jaio zen han Jesusen Lagundiaren sortzaile izan eta orain Nafarroako patroi dena. Hori dela eta, nafarrak urtero joaten dira jauregi horretara, “Xabierraldiak” ospatzeko.

Gaur egun, Xabierko gaztelua bisitatu daiteke, eta misiolari famatu horren bizitzaz zerbait jakin, gazteluaren barruan museoan aurkituko dituzun objektuen erakusketaren bidez. Gazteluaren ondoan dagoen Deikundeko Eliza ere bisitatu beharrekoa da.

Uxueko gotorlekua

Erdi Aroaz jakin-mina duen pertsona bazara, seguru entzun duzula zerbait Uxueri buruz. Erdi Aroko herria da, ezaguna Nafarroako bisitarien artean, eta Uxueko Santa Mariaren tenplu gotortua dago bertan.

Kondairaren arabera, artzain batek uso bat ikusi zuen, uxua, arrokaren zulotik sartzen eta irteten, eta, begiratzean, Ama Birjinaren irudia aurkitu zuen. Auzotarrek eliza bat eraiki zioten.

Tenplu hori arte gotikoaren benetako altxorra da Nafarroan. Ezinezkoa da ez maitemintzea haren galeriekin, burualde erromanikoa duen nabe gotikoarekin, dorreekin eta kontrahormekin, zeinak urteetan defentsarako gune izan baitziren. Bisitak doan dira urteko egun guztietan, goizeko 10etatik arratsaldeko 7ak arte.

Zangozako jauregi-gotorlekua

Jauregi hau Nafarroako zaharrenetako bat da, XI. mendetik aurrera Antso Ramiritz erregeak han eraiki baitzuen bere gaztelua, gero Karlos II.aren eta beste errege batzuen bizileku izan zena.

Gaztelu horri buruzko datu interesgarria da 1536. urtean Zangozako hiriak Erregeari erosi ziola udaletxe bat egiteko, eta gero diru hori Iruñeko Gotorlekua eraikitzeko erabili zela.

Gaztelua bisitatzeko asmoa baduzu, han ikusiko dituzu bi solairuko erdiko gorputza, bi dorre karratuak, sarrerako bi ateak eta leiho bikoitz angeluzuzenak, bai eta hobia eta tximinia zirkularretako bat ere.

Santakarako gaztelua

Santakarako gaztelua Nafarroako ospetsuenetako bat da. Gaztelu hau XIII. mendean eraiki zen, eta hasieratik bertatik garrantzi handia izan zuen Nafarroako erresumarentzat Aragoiko erresumaren aurkako defentsan, kokaleku bikaina baita, Aragoi ibai-haranaren ikuspegi ezin hobeari esker.

Omenaldiaren dorrea da beharbada gazteluaren sinbolorik enblematikoena, 30 metroko altueragatik eta bisitan oraindik sumatu daitekeen defentsa-espirituagatik.

Gaztelu hau bisitatzera bazoaz, Santakara herrian edo Cara hiri erromatarraren aurrietan ibilaldi bat egiteko izena ematea gomendatzen dizugu; harrituko zaituzte, seguru.

Artaxoako harresia

Tafallatik eta Erriberritik oso hurbil dago Artaxoa herri dotorea, udalerria inguratzen duen harresiagatik ezaguna. Zeure kasa egin dezakezu bisita Erdi Aroko harresi horretara. Arreta berezia jartzea gomendatzen dizugu oraindik hesiaren barruan dauden etxeei, ideia bat emango baitizute garai hartako bizitza nolakoa zen hobeto irudikatzeko.

Bederatzi dorreengatik da ezaguna Artaxoako harresia, eta bisitatzen duen edonor harritzeko moduko gauza da.

Jatorrian, defentsarako hamalau dorre zituen, eta haietatik bederatzik diraute zutik. Itxitura edo harresi hori tenplu erromaniko baten aurrien gainean eraiki zen, eta portada gotiko izugarri bat egin zitzaion XIII. mendearen amaieran. Beraz, estilo arkitektoniko horrek txoratzen bazaitu, ezin duzu bisitatu gabe utzi.

Amaiurko gaztelua

Enklabe historiko hau erresistentziaren sinbolo bat da, Gaztelaren aurkako azken gotorlekua izan baitzen Nafarroaren konkistan. 1522an, hamar eguneko setioan, 150 nafar ausartek aurre egin zieten Gaztelaren armadako 30.000 soldaduri.

Gaur egun, gaztelua izan zenaren hondarrak bakarrik ikusten dira, baina historiaz betetako tokia izaten jarraitzen du, eta historia hori ikusgai dago oroitzapenezko monolitorainoko interpretazio-ibilbideetan nahiz herriko museoan.

Iruritako jauregia

Elizondotik bost minutu eskasera dago. XIV. eta XV. mendeen artean eraikitako jauregi honek garai hartako nobleziaren bizimoduari begiratzeko aukera eskaintzen digu. Bisita gidatu batean parte hartuz nahiz hango ostatuan egonaldi bat eginez, ikusiko duzu jauregiaren xehetasun guztiak zainduta daudela.

Donamariako jauregi dorretxea

XV. mendeko altxor arkitektoniko gotikoa, Nafarroa atlantikoko antzinako leinu-dorreen funtsa gordetzen duena.

Barrura sartu ezin bada ere, egitura angeluzuzen hau aparteko inguru horretan ikustegatik bakarrik merezi du joatea. Gainera, bertako sukaldaritza probatzeko aukera ezin hobea eskaintzen dute hango jatetxeek.

Monjardíngo gaztelua

Sustrai erromatarrak dituen gotorleku bat, mairuen eta kristauen eraginaren lekuko izan dena mendeetan zehar. Donejakue bidean dago gaztelua, eta ikuspegi panoramiko ikusgarria eskaintzen du, Villamayor de Monjardín herritik 220 metroko igoera egin ondoren.

Martzillako gaztelu-jauregia

XV. mendeko gotorleku gotiko bat da Martzillako gaztelua, mosen Pierres de Peraltak eraikia, eta Faltzesko markesen bizilekua ere izan zen.

Palacio de Marcilla

Cisneros kardinalak agindutako eraispenaren aurka defendatu zuen Ana de Velascok 1516an, eta Cid Campeadorren Tizona ezpataren gordelekua ere izan zen. Jatorrizko egituraren zati bat galdu duen arren, doako bisita gidatuak eskaintzen ditu orain, bisitariek haren historia ezagut dezaten.

Cortesko gaztelua

XII. mendeko gotorleku bat, inguru horretako Erdi Aroko historiaren lekuko izan dena. Haren omenaldi-dorreak, arma-patioak eta harresiak aspaldiko garaietara eramaten gaituzte, eta puntadun arkuko leihoak eta barnealde neogotikoak, berriz, ondorengo berrikuntzen erakusgarri dira.

Gurearekin konektatzea gustatzen zaigu Guuk-en. Ez du axola naturan planak egitekoa zaren edo gure ondarea ezagutuz gozatzen duzun.

Gaztelu hauek bisitatzeko asmoa baduzu, zeuk bakarrik, familiarekin edo lagunekin, Guuk-en badakigu zer garrantzitsua den gurearekin konektatzea; horregatik, urratsez urrats lagunduko dizugu Nafarroako Interneterako konexiorik onena eskainiz.

Erlazionatutako berriak