icono menu icono cerrar menu Menua Itxi

Plentzia: historia, alde zaharra, jarduerak eta planak

31 Octubre 2024 14:58
Qué ver y hacer en Plentzia

Utzi errutina alde batera eta hartu tarte lasai bat Plentziako historia ezagutzeko, alde zaharrak eta itsasoak bat egiten duten toki honetan. Hemen, mendiz inguratuta eta giro lasaian, erlaxatzeko toki bikaina aurkituko duzu. Gainera, indarrak hartzeko eta ongi pasatzeko jarduera eta plan ugari egiteko aukera daude.

Ibili itsas pasealekuan, arnastu itsasoko haize freskoa, bainatu hondartzan edo egin surfa, paddle surfa edo bestelako ur-kirolen bat. Ezagutu Plentziako itsasadarra. Benetako paradisu naturala da, eta aukera izango duzu hegazti-mota ugari ikusteko eta naturaren berezko edertasunaz gozatzeko.

Qué ver y hacer en Plentzia

Plentzia: historia, alde zaharra, jarduerak eta planak

Plentzia Bizkaiko kostaldeko arrantzale-herri bat da eta historia, natura eta gastronomia ona bateratzen ditu. Erdi Aroko alde zaharrak herriaren arrantza-iragana islatzen du, eta itsasadarra eta hondartza egokiak dira erlaxatzeko eta ur-kirolak egiteko.

Gainera, bertako gastronomian itsasoko produktu freskoak eta pintxo tradizionalak nabarmentzen dira. Tokiko kulturak ere indar handia du, eta horren erakusgarri dira Butroeko Plasentia Museoa eta herriko jaiak. Plentzia toki ezin hobea da erlaxatzeko eta naturaz, abenturaz eta Euskadiko benetako zaporeez gozatzeko.

Plentziako historia

Plentzia 1299an sortu zuen Diego Lopez Harokoak, eta historia aberatsa du, itsasoari lotua. Hasiera batean, arrantza, balearen arrantza eta ontzigintza ziren hiribilduko jarduera nagusiak. Zenbait sute jasan zituen XV. eta XVII. mendeetan, baina erretakoak berriro eraiki eta aurrera egiten jarraitu zuen, batez ere portuari eta marinel-kofradiari esker.

XIX. mendearen amaieran, itsas jarduerak gainbehera egin zuenean, helmuga turistiko bilakatu zen; izan ere, izen handiko hondartza zuen eta Bilbotik gertu zegoen. Gaur egun, oporretako helmuga izaten jarraitzen du. Herriko jaietan, Antolintxu da protagonista

Plentziako alde zaharra

Plentziako alde zaharrean bazabiltza, gure herriaren historian murgildu zarela irudituko zaizu. Aldatu egin da denboraren joan-etorrian, baina txoko honek betiko itsas herrien xarma gorde du.

Kale estuetan zehar zabiltzala, antzinako itsasgizonen etxeak eta historiaz betetako eraikinak ikusiko dituzu: txoko guztiek dute zer kontatu.

Santiago arkua

Arco de Santiago Plentzia
Google Maps

Santiago arkua elementu garrantzitsua da Plentziako alde zaharrean, garrantzi arkitektonikoa eta historikoa baitu. Multzo guztiarekin batera, hiribilduaren iraganaren eta izan duen bilakaeraren berri ematen digu.

Andre Maria Madalenako eliza

XV.-XVI. mendeen artean eraikitako eliza gotikoa da, garai hartako arkitekturaren adibide soil eta ikusgarria. Oinplano errektangularra eta gangarik gabeko hiru nabe ditu, zutabe sendoz bereiziak. Plentziako alde zaharreko ondare arkitektoniko zoragarriaren elementuetako bat da eliza hau.

Torrebarri dorretxea

Jatorrizkoa eraitsi eta etxebizitza-eraikina izatera igaro den arren, Torrebarri dorretxeak baditu oraindik bere iragana gogora ekartzen diguten elementu estilistiko batzuk. Hiribilduko historiaren lekukoa da.

Casa Torre Torrebarri
visitplentzia.com

Udaletxe zaharra

Gaztelaniaz Torreón izenarekin ezaguna da, dorretxe bat dirudielako, eta, gaur egun, Butroeko Plasentia Museoaren egoitza da. Plentziako itsas historia aberatsaren berri ematen du museoak, eta tokiko ondareko elementuak berreskuratzen eta erakusten ahalegintzen da.

Antiguo Consistorio Plentzia
Google Maps

Goñi Portal baserria

Herrigunean txertatuta dago landa-izaerako eraikin berezi hau, Andre Maria Magdalenako parrokia-elizaren atzean. Izaera berezia ematen dio inguruneari.

Caserío Goñi Portal
Google Maps

Kristo Santuaren Baseliza/Santutxoa

Ikuspuntu estetikotik begiratuta, erakinak ez du interes handiko apaingarririk, kanpai-horma txiki bat izan ezik. Sinplea izan arren, Plentziako historia aberasten duen ondare-multzoan sartzen da.

Ermita Humilladero de Santo Cristo del Amparo
Google Maps

Plentzian ikusi beharrekoak

Aipatu ditugun Plentziako alde zahar ederreko elementuez gainera, arrantzale-herri honetan badaude beste gauza deigarri batzuk ere; ez huts egin, ikusteko modukoak dira eta.

Plentziako pasabidea

1991 eta 1992 bitartean eraiki zen antzinako zubia ordezkatzeko, haren oinarriak 1983ko abuztuko uholdeetan kaltetu baitziren. Hiribildua bere ingurunearekin lortzen du elementu berezi honek.

Pasarela de Plentzia

Aramburu farmazia-museoa

1888an sortutako farmazia honetan produktu farmazeutikoak saltzen dira, baina museoa ere bada. Aukera duzu jatorrizko farmaziaren, laborategiaren eta botika-ostearen espazioetan dagoen erakusketa bisitatzeko. Iraganerako bidaia Plentziako erdigunean bertan!

Legarrondo parkea

Aisialdirako gune egokia da naturaren zaleentzat. Itsasadarrerako sarbidea du, eta aproposa da kayakean ibiltzeko eta SUPerako. Toki ezin hobea da aire zabalaz eta inguruko lasaitasunaz gozatzeko.

Parque Legarrondo
Ruben de la Posada - https://es.wikiloc.com/rutas-senderismo/plentzia-castillo-butron-urduliz-131806310/photo-83997151

Isuskiza

Plentziako haizemailea dela esaten da, eta udalerriko ezkutuko txokoetako bat da. Merezi du tokia ezagutzea, bakeaz eta bertako paisaiaz gozatzeko aukera emango baitizu.

Plentzian egiteko planak eta jarduerak

Bisitari ugari etortzen da urtero Plentziara, itsasadarraren edertasunak, hondartza zoragarriak, bizitzaz betetako portuak eta alde zahar liluragarriak erakarrita. Hemen, itsas bizitza bizirik dago eta txoko guztiek dute beren historia.

Itsas giroko bizitza

1299an sortu zen Plentzia, eta oraindik ere bizirik dira bertako historiak. Alde zaharrean (Erdi Arokoan du jatorria) ondo baino hobeto uztartzen dira arrantzaleen herri-arkitektura eta jauntxoen eraikinak, baita itsasadarra ere. Itsasadarrak, egunik eguzkitsuenetan, postal ikusgarriak eskaintzen dizkigu.

Baina guzti-guztion arreta erakartzen duen sinbolo bat aipatzekotan, hor dugu Plentziako pasabidea. Arku-zubi horrek Bilboko metroa eta herrigunea lotzen ditu, eta hiribilduko arrantzale-ondarea ezagutzeko aukera ematen die bisitariei.

Ría Plentzia

Museoak, surfa eta askoz gehiago Plentzian

Gustu guztietarako jarduera ugari egin daitezke Plentzian. Itsaspeko ardoa dasta daiteke, ibilbideak egin daitezke naturan, itsasontzian pasea daiteke eta museoak bisita daitezke. Hautatu gustukoen duzuna eta gozatu topera!

  • Butroeko Plasentia Museoa: 1988an inauguratu zen, eta garai batean udaletxea izan zen dorretxe batean (1562koa) dago. Plentziako eta inguruetako elementu esanguratsuak berreskuratzea eta erakustea da museoaren xedea.
  • Crusoe Treasure: boutique upategi honek ez du parekorik munduan, itsas hondoan gordetzen baitituzte beren ardoan. Abenturazale ardozaleek sortu zuten Crusoe Treasure, eta grina eta sormena bateratzen ditu, premium ardo erabat desberdinak lortzeko.
  • Itsasoan ibiltzea: Ezagutu Plentziako badia eta itsasadarra itsasontziz! Bisita gidatu batean ezagutu dezakezu Bizkaiko flyscha, edo itsasontzi bat aloka dezakezu, erlaxatu eta gozatzeko.
  • Surfa: Plentziako hondartza badiak babesten duen arren, surflarientzako olatu perfektua sortzen da batzuetan itsasadarraren bokalean.
  • Kayaka eta SUPa: itsasadarra aproposa da kayakean eta stand up paddlean ibiltzeko. Sarbide bat baino gehiago dituzu zain. Igo Isuskiza auzoraino edo jarraitu beste apur bat hurrengo kairaino.
  • Ibilbideak: Ibilbide ugariren abiapuntua eta amaiera da Plentzia. Jarduera egokia da familian eta lagunartean egiteko, baita bakarrik ibiltzeko ere. Jantzi zure trekkingeko botarik onenak eta ezagutu Uribe Kostako paisaiak!

Nola iritsi Plentziara autoz, metroz edo autobusez

Plentzia, Bizkaiko kostaldeko altxorretako bat, toki ezin hobea da errutinatik alde egin eta hondartza-egun eder batez gozatzeko. Giro lasaia, itsas paisaiak eta gastronomia goxoa: guzti-guztia dauka itsas herri honek.

Bilbotik 26 km-ra dagoenez, erraz iritsiko zara. Izan ere, autoz, metroz edo autobusez joan zaitezke. Zeuk aukeratu. Plentziara erraz-erraz nola iritsi azalduko dizut.

Nola iritsi autoz Plentziara

Autoz joatea erabakitzen baduzu, Bilbotik di-da batean helduko zara Plentziara BI-634 errepidetik (bidesari eta guzti) edo BI-2704tik (bidesari gabe). Donostiatik bazatoz ere, erraza da; ordubete pasatxoan, hondartzan izango zara, lasai-lasai. Santandertik bazatoz ere, A-8 autobideak zailtasunik gabe ekarriko zaitu.

Nola iritsi metroz Plentziara

Metro Bilbao Linea 1

Metroaren 1. linea da aukera erosoenetariko bat. Plentzian geratzen da 20 minutuan behin; beraz, ez duzu asko itxaron beharko. Aukera ezin hobea da Bilbotik, Etxebarritik edo tarteko edozein puntutatik bazatoz. Trafikoak eragindako estresa aurreztuko duzu eta, gainera, paisaiaz gozatuko duzu.

Nola iritsi autobusez Plentziara

Autobusa nahiago baduzu, zenbait linea pasatzen dira Plentziatik. Leioatik, Getxotik, Berangotik eta Sopelatik, Bizkaibusen 3451 linea duzu, orduro. Gorliztik, Bizkaibusen 3499 linea 40 minutuan behin igarotzen da. Eta Armintzatik bazatoz, Bizkaibusen 3451 linea duzu orduro. Mungiatik, Bizkaibusen 3537 linea har dezakezu, orduro.

Plentziak historia, alde zahar eta ingurune natural bikainak ditu eta, gainera, toki aproposa da askotariko jarduerak egiteko. Itsasontziz ibil zaitezke itsasadarrean, kayakean ibil zaitezke... txoko guztiek dute berezitasunen bat.

Zure bisita are erosoagoa izan dadin, Guuk-en tarifak erabil ditzakezu. Hala, konexio bizkorra eta fidagarria izango duzu, ez dezazun huts egin herri atsegin honek eskaintzen dizunetik ezer. Guuk-ekin, denbora errealean partekatu ahal izango dituzu zure esperientziak eta topera gozatuko dituzu une guztiak. Ez huts egin! 💚

Erlazionatutako berriak