Euskal Hiria
Euskadi argiztatzen duten itsasargiak. Ez egin huts!
3 minEuskadiko kosta argiztatzen duten itsasargietako batzuk bista paregabeko leku sinestezinetan daude.
Euskadi tradizio kultural aberatseko lurraldea da, eta oso gustuko du musika. Horregatik, txoko guztietako zaleak erakartzen dituzten jaialdiak antolatzen dira. Rocka, jazza, musika elektronikoa eta pop-fusio berritzaileenak entzuteko aukera izango dugu, Euskadiko dibertsitatearen erakusgarri.
Hemengo jaialdiak musika baino gehiago dira. Gure nortasunaren, lanaren eta komunitatearen adierazpena dira, erritmo berdina baitute guztiek. Euskaldunek eta euskaldun ez direnek bizi beharreko esperientzia paregabe eta desberdina dira.
Euskadiko toki zoragarriak musikazaleen elkargune bilakatzen dira urtero, eta musika entzuten da mendien artean eta hondartzetan. Azkena Rock Festival, Bilbao BBK Live eta Donostiako Jazzaldia dira musika-egutegiko izen ezagunenetariko batzuk.
Ekitaldi horietan nazioartean ospea duten artistak aritzen dira, eta, horretaz gainera, bertako talentu hasiberrientzako plataforma ere badira, Euskadi zuzeneko musikaren erreferentzia baita.
Bilbao BBK Live 2006an sortu zen, eta estatuko jaialdi nabarmenetariko bat da dagoeneko. Sari ugari ere jaso ditu. Hasierako urteetan rock- eta pop-artistetara mugatu zen, baina gaur egun genero gehiago barne hartzen ditu, musika-aniztasun handiagoa eskaintzeko.
Jaialdia Kobetamendiko zelaietan egiten da. Azken edizioetan, 115.000 pertsona inguru elkartu izan dira berdegune zabal horretan hiru egunez. Parkea, hango bidezidorrak eta basoa funtsezkoak dira jaialdian.
Basoa musika elektronikoaren epizentroa izaten da, eta zaleek esperientzia paregabea bizi izaten dute han.
Basauriko erdigunean, Bizkaian, musikak eta zinemak bat egiten dute guztion jakin-mina pizten duen jaialdi honetan. Maiatzean egiten da MAZ Basauri jaialdia urtero: huts egin ezineko hitzordua da familian datozenentzat eta esperientzia kultural apartak bilatzen dituztenentzat.
2012an sortu zen, eta lehen ediziotik bertatik bete izan du Social Antzokia kontzertu zirraragarriekin, eta musikaz bete ditu kaleak doako emanaldiekin.
Russian Red, Nacho Vegas eta Cristina Rosenvinge aritu dira agertoki horretan, baina, beharbada, Mike Farrisen (Grammy sari bat irabazi zuen) kontzertua izango da une gogoangarrienetariko bat, 2015ean Europan egin zuen bakarra izan baitzen.
Gasteiz rockaren erdigunea izaten da ekainean urtez urte, Azkena Rock Festival jaialdiari esker. Gitarra elektrikoek jo eta ke diharduten artean, dibertsioak goia jotzen du genero honen zaleentzat.
Edizioen joan-etorriarekin, Espainiako jaialdi garrantzitsuenetariko bat izatera iritsi da. Joera nagusitik kanpo dauden eta underground-giroan izen ona duten rock-taldeetan zentratzen da, eta hori da, hain zuzen, jaialdiaren ezaugarri nagusietako bat.
Gainera, ez dira falta izaten karteletako protagonista bihurtzen diren legendak eta izen handiak. Horri guztiari esker, esperientzia ahaztezina izaten da ikusleentzat.
Ekainean, Heleta jaialdi sutsu baten lekuko bilakatzen da, nazioarteko eta bertako rock-talde onenek musikaz betetzen baitute ingurua. Ikusle ugari izaten da urtez urte, eta talde horien arteko musika-lehiaz gozatzeko aukera izaten dute.
Kalitate handiko kontzertuak guztiontzako moduko prezioan emateko ahalegina egiten du jaialdiak. Militantziazko ekitaldia izanik, defendatzen dituen ideia eta balioetan herritarrek aktiboki parte har dezaten bilatzen du: kultura eta euskara garatzea, kapitalismoaren aurkako borroka, kontzientzia ekologikoa eta garapen jasangarria.
Hiru egunez, jaialdiko publikoak aukera izango du Euskal Herriko eta mundu guztiko gatazkak ezagutzeko, hizketaldien eta entzunaldien bidez eta aktiboki parte hartuz.
Abuztuan, Donostia dotore-dotore janzten da musika klasikoko Espainiako jaialdi ezagunenetako bat hartzeko. Historiako konpositore bikainenen piezak entzutera gonbidatzen gaitu Musika Hamabostaldiak.
Ekitaldiak ospe handia izan du sortu zen unetik bertatik, bai egitarauen bikaintasunagatik, bai interpreteen ospeagatik. Haien artean, orkestra sinfoniko ugari nabarmentzen dira, hala nola Berlinekoa, Londreskoa, Clevelandekoa, Milaneko Scalakoa, San Petersburgokoa, Bavierako Irratikoa, Txekiako filarmonikoa, Frantziako eta Espainiako orkestra Nazionalak eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoa.
Irailean, bertako artistak nazioarteko folk-artista onenekin batera aritzen dira Getxon. Giroa ezin hobea izaten da.
Ibilbide luzeko talde arrakastatsuen musikaz gozatu ahal izango dugu, eta musika-tradizioen funtsak bizirik dirauela ikusiko dugu.
Donostiako Gazteszena aretoa musikaren erdigune bilakatzen da urrian, egungo pop-rockaren doinuan. Genero horren zaleen huts egin ezineko ekitaldia da. Izan ere, azken joera musikalak entzutera joaten dira jaialdi honetara.
Dkluba ekimenak musika independentea bultzatzen du Donostiako auzoetan, eta bertako taldeen lana bultzatzea du ezaugarri nagusi.
Egitarauaren barruan, talde horiek aukera izaten dute musika zuzenean jotzeko eta beren artea hiriko taberna, klub eta espazio berezietara eramateko, betiere Musikagela udal-zerbitzuaren babespean.
Jazzaldia 2024, musika-jaialdi ezaguna Donostian! Uztailaren 23tik 28ra, hiria jazzez eta giro onez betetzen da. Kartelean, ospe handiko izenak: Rufus Wainwright, Diana Krall, Gregory Porter eta gehiago. Harrituta utziko zaituzte.
Gainera, ziklo bereziak izango dira John Zorn, William Parker eta beste artista batzuekin. Zirraragarria izango da. Etenik gabeko jaia bizi ahal izango dugu: doako kontzertuak terrazetan eta hondartzetan, eta ordainpeko beste batzuk areto ospetsuetan! Beraz, badakizu, jazza gustatzen bazaizu, ezin duzu Jazzaldia huts egin!
Gasteizko Jazz-jaialdia urtero egiten da, eta aurten 2024ko uztailaren 15etik 20ra egingo da. 40 urtetik gorako historia du, eta mundu guztiko jazz-zaleak erakartzen ditu. Hiriko agertoki ospetsuetan egiten dira kontzertuak, hala nola Mendizorrotzako kiroldegian eta Principal Antzokian.
Jai-giro lasaia izaten da Gasteizen, lokaletan eta aire zabalean musikaz gozatzeko. Kontzertuez gainera, jarduera paraleloak ere antolatzen dira jaialdiaren barruan: hitzaldiak, erakusketak, etab. Zatoz historia aberatseko eta kultura-eszena zirraragarriko hiri honetara, eta gozatu jazz onenaz!
Euskadiko musika jaialdiak askotarikoak dira, eskualdeko aberastasun kulturalaren erakusgarri, ondo baino hobeto islatzen baitituzte herritarren arima bizia eta musikarekiko duten grina. Eta musikak pertsonak lotzen dituen bezala, Guuk-ek munduarekin konektatzen du Euskadi. Zuntz-zerbitzuari eta mugikor-tarifei esker, Guuk-ek izugarri errazten dizu guztia.