icono menu icono cerrar menu Menua Itxi

Martxoak 8: batzen gaituenak lotu gaitzala betirako

08 Marzo 2022 12:42
Blog Guuk

Dakizunez, batzen duten puntuak elkarrekin lotzen dituen lerro hori gara Guuk. Egokitzen den lotura hori, gureen beharrak asetzen dituena. Horregatik, teknologiaren edo berrikuntzaren alde egiteaz gain, berdintasunaren eta aurrerabidearen alde ere egiten dugu lan. Beraz, Emakumearen Nazioarteko Egunean, ez genuen galdu nahi emakume guztiekin konektatzeko aukera.

Guuk Emakumearen Nazioarteko Egunarekin

Konpromiso hori, gure hitzaren bidez ez ezik, gertaeren bidez ere erakusten dugu, gure bazkide digitaletako bati ahotsa emanez: Lointek Gernika Bizkaia saskibaloi-taldea.

Itziar Ariztimuño Lointek Gernika-ko jokalariaren bozgorailu izan nahi dugu, emakume gisa kirolean zein eguneroko bizitzan bizi duena bertatik bertara konta diezagun.

emakume kirolariak- guuk lointek gernika Martxoak 8 Emakumeen nazioarteko eguna (2)

Itziar Ariztimuño Lointek Gernikan ari da jokatzen duela bost denboralditik, antolatzaile gisa. Saskibaloiko kategoria goreneko jokalari gisa, bere iritzia partekatu du gurekin.

Hemen duzue elkarrizketa. Goza ezazue.

Aipatu zure karrera betirako markatu duen emakume bat

Gure ama. Nirekin etortzen zen entrenamendu guztietara. Txikitatik, ni baino zaharragoak ziren neskekin jokatu izan dut beti, izugarri gustatzen zitzaidan. Udan, lehiaketarik ez zegoenean, asko entrenatzen nintzen, eta berak jasotzen zituen erreboteak eta hor egoten zen nirekin. Gero, unibertsitatean hasi eta Lointek Gernikak fitxatu ninduenean, berak animatu ninduen nire ikasketekin eta aldi berean entrenatzen jarraitzera.

Zer mantra errepikatzen duzu beti partida edo lehiaketa garrantzitsu baten aurretik?

Ez naiz superstiziosoa, baina asko kontzentratzen saiatzen naiz. Hala ere, partiden aurretik, otoitz egiten dut beti, eta eskumuturrei musu eman, aitaren eta aitonaren oroimenez. Juniorretatik dudan tradizio bat bezalakoa da.

Zein desberdinkeria gustatuko litzaizuke betirako amaitzea?

Gustatuko litzaidake kirolean aritzen den emakume orok soldata-aukera berberak izatea, beste jarduera osagarri batzuetan lan egin beharrik gabe.

Kirolean, bidegabea iruditzen zait emakume batek soldata duinik ez izatea eta beste lan batzuekin uztartu behar izatea bere kirol-jarduna. Gizonezkoen kategorietan ez da horrelakorik gertatzen.

Gogoan dut unibertsitatean proiektu bat egin genuela. Haurrei eskatu genien mediku bat marrazteko, eta gizonak marraztu zituzten guztiek. Hori aldatzea gustatuko litzaidake. Niri emakumezko mediku batek egin zidan ebakuntza, eta ezin gusturago nago haren profesionaltasunarekin, segimenduarekin, tratuarekin… Emakume profesionalei balioa ematea gustatuko litzaidake.

Ba al dago beti entzutea gorroto duzun esaldirik?

Nire kasuan, ligaz edo nire taldeaz ari naizenean, jendea harritu egiten da goragoko kategoria batean gaudela edo Europako txapelketetara goazela konturatzean. Gorroto dut hori. Batzuetan, esan behar izaten dut Athletic bezalakoak garela baina saskibaloian. Jendea harritu egiten da, eta esaten du: A, baina neskek egiten al duzue ba hori? Seguru nago Bilbao Basket taldeko jokalari bati ez dizkiotela horrelako galderak egiten.

Ba al dago bizitza osorako irakaspenik utzi dizun emakumerik?

Ezin dut bakar bat izendatu. Ni baino zaharragoak diren emakumeekin jokatu izan dut beti, eta denengandik ikasi dut zerbait. Irakasleak edo lagunak ere aipa nitzake. Asko ikasi dut izaera desberdineko eta esparru desberdinetako emakume askorengandik, eta ezin dut bakar bat aukeratu.

Nahiago nuke gertaera garrantzitsu horiek gizonak lehiatzen direnean bezainbesteko oihartzuna izatea.

Kirolean/saskibaloian betirako aldatu nahiko zenukeen zerbait

Oihartzuna. Gustatuko litzaidake emakume kirolariek gizonen oihartzun bera izatea hedabideetan. Hockeyan, saskibaloian, futbolean… Guk jokatu ditugu Eurocup, Erreginaren Kopa…. Nahiago nuke gertaera garrantzitsu horiek gizonak lehiatzen direnean bezainbesteko oihartzuna izatea.

Bizitza osoan gogoratzeko moduko zer aholku emango zenieke harrobiko jokalariei?

Gozatzeko esango nieke. Lan egin dezatela eta ahalegindu daitezela, baina bidean gozatzea ahaztu gabe. Ez daitezela obsesionatu ez zapuztu. Lan egin eta ikas dezatela, ahalegina egin dezatela izan nahi dutena izateko.

Ba al duzu tradizioren bat partiden ondoren taldekideekin partekatzen duzuna?

Ez dugu tradizio berezirik, baina, irabazi edo galdu, elkartuta egoten gara beti.

Izan zaitez beti apala eta errespetuzkoa, baina beti ausarta

anonimo

Betirako utzi nahi duzun zerbait

Aita partida guztietara etortzen zen, eta gogoan dut behin esan zidala esaldi bat partiden aurretik eta bizitzan oro har beti erabiltzen dudana: “Izan zaitez beti apala eta errespetuzkoa, baina beti ausarta.” Gustatuko litzaidake nitaz gogoratzean beti gogoratzea hori.

Emakumearen Nazioarteko Egun honetan, berdintasunaren aldeko partida bat jokatu nahi dugu, eta saskibaloiko profesional bati, Itziar Ariztimuñori, entzun diogu. Batzen gaituenak lotu gaitzala betirako.

Erlazionatutako berriak