icono menu icono cerrar menu Menua Itxi

Gabonetan prestatzeko euskal plater tipikoenak

30 Diciembre 2024 18:39
Platos vascos Navidad

Gabonak garai magikoa dira, familiak elkartu egiten baitira une bereziak partekatzeko eta egun horiek paregabe bihurtzen dituzten tradizioez gozatzeko.

Euskadin, ospakizun hauetako protagonista handienetako bat gastronomia da, zalantzarik gabe. Egun hauetan gure mahaiak apaintzen dituzten platerek ederki islatzen dute gure sukaldaritzaren aberastasuna eta aniztasuna, belaunaldiz belaunaldi jarauntsia.

Euskal errezeta tradizionalak gabonetarako

Eguberria denontzako festa da, bihotza pozez eta ilusioz betetzen diguna eta, jakina, baita urdaila zapore onez ere.

Platos vascos Navidad

Gastronomiak leku nagusia hartzen du egun hauetan. Gaur, gonbidatzen zaitugu Euskadiko gabonetako plater tipiko batzuk ezagutzera, egun berezi hauetan nahitaez jan beharrekoak. Presta zaitez jateko gogoa pizteko!

Bisigua: mahaiko erregina

Gabonetako plater nagusiez ari garenean, labean erretako bisiguak leku berezia hartzen du euskal tradizioan. Kantauri itsasoari hain lotuta dagoen arrain hori mahai askotako protagonista ukaezina da bai Gabon gauean eta bai Eguberri egunean.

Modu soil eta errazean prestatuta, labean eta pipermin ukitu batekin, bisigua plater bikaina eta zaporetsua da.

Gakoa pieza handi bat aukeratzea da, kilotik gorakoa, mamitsu eta heze geldi dadin. Gainera, panadera patata batzuekin lagunduta edo oliotan gorritutako baratxuri-xerra batzuekin azken ukitua emanda, plater ahaztezina gelditzen da.

Bakailaoa: moldakortasuna eta zaporea

Gabonetan faltatu ezin den euskal sukaldaritzaren beste ikur bat bakailaoa da. Arrain hau modu askotan presta daiteke, baina badira bi errezeta egun hauetan nabarmentzen direnak:

Bakailaoa pil-pilean

Errezeta erraza itxuraz, baina abilezia pixka bat eskatzen duena saltsa emultsionatzeko, arrainaren gelatina naturalarekin, baratxuriarekin eta oliba-olioarekin. Emaitza gisa, jaki goxo, dotore eta zapore nahastezineko bat izango dugu.

Bakailaoa Bizkaiko erara

Aukera sendoago bat: tipula gorriz, piper txorizeroz eta tomatez egindako saltsa batean egiten da bakailaoa. Plater hau, bere zapore sakonarekin, gure gastronomiako benetako harribitxi bat da.

Legatza saltsa berdean eta kokotxak: finezia ahosabaian

Jaietan euskal mahai askotan distira egiten duen beste klasiko bat saltsa berdean prestatutako legatza da. Perrexilaren kolore bereziak ematen dio platerari izena, eta txirla, ganba, zainzuri edo ilarrekin aberastu ohi da. Plater arina eta zapore bikainekoa da, ezin hobea gabonetako oturuntzak orekatzeko.

Bestalde, pil-pilean egindako kokotxak jaki aparta dira, aukera berezietarako erreserbatua. Bakailaoaren eta legatzaren puska hain berezi hori, baratxuriarekin eta pipermin-ukitu batekin prestatuta, euskal gastronomiako platerik onenetako bat da.

Haragia maite dutenentzat

Nahiz eta arraina izan Euskadin gabonetako mahaietako protagonista, haragiarentzat ere badago lekua. Hauek dira aukera ezagunenak:

Idi-txuletoia

Ezin hobea plater gotor eta zaporetsu bat nahi dutenentzat. Haragi-zerra lodia, giharrean tartekatutako gantz-ildaxkekin marmol-testura bat hartzen duena, normalean gutxi eginda jartzen da, eta partekatzeko da oso egokia.

Bildots errea

Bereziki tipikoa Eguberri egunean, labean egindako esneko arkumea samurra eta mamitsua da, eta tradizio handia du.

Kapoi betea

Oilar zikiratu gizendua, haragi samur eta usaintsukoa, erreta edo beteta prestatu ohi da, frutekin edo fruitu lehorrekin lagunduta. Lana izan dezake prestatzen, baina emaitzak merezi du.

Postre tradizionalak: amaiera gozoa

Ez dago gabonetako otordu osaturik postre on bat gabe, eta Euskadin geure gutiziak ditugu ospakizun hauek ixteko:

  • Intxaursaltsa: Gipuzkoa eta Bizkaiko postre tipiko hau intxaurrez, esnez, azukrez eta kanelaz egindako krema gozo bat da. Jatorri apalekoa da, eta antzina baserrietan prestatzen zuten, neguan intxaurrak aprobetxatzeko. Gaur egun, oraindik ezinbestekoa da mahai askotan.
  • Euskal pastela: jatorriz Iparraldekoa, almendraz, irinez eta arrautzaz egindako gozoa da, pastel-kremaz edo marmeladaz betea, eta biziki estimatua Hegoaldean ere.
  • Goxua: ez da bereziki gabonetakoa, baina esnegaina, bizkotxoa eta karamelua oinarri dituen postre hau ere mahai askotan agertzen da egun hauetan.

Edaria: akonpainamendu bikaina

Halako jan-gutiziekin uztartzeko edari faltarik ez dago Euskadin, hala nola txakolina, arrainak eta itsaskiak laguntzeko ezin hobea, edo Arabako Errioxako ardo beltza, haragiekin aproposa. Eta, gaualdia ixteko, erremate ezin hobea da kopa bat patxaran, edo kafe sendo bat likore-ttantta batekin.

Gabonetako otorduak tradizio hutsa baino askoz gehiago dira Euskadin: gure sustraiekin berriro konektatzeko, istorioak partekatzeko eta oroitzapen ahaztezinak sortzeko uneak dira.

Eta, errezeta horiek belaunaldiak batzen dituzten bezala, Guuk-en tarifek ere familiak konektatzen dituzte. Izan urruti dagoen senide bati deitzeko, izan sare sozialetan gure oturuntzetako argazkiak partekatzeko, konexio on bat ezinbestekoa da gertutasunari eusteko, distantzia izanik ere.

Eguberri on eta urte berri on guztioi! 🎄

Erlazionatutako berriak