icono menu icono cerrar menu Menua Itxi

Antzara Eguna Lekeition: datak eta eginkizunak

29 Agosto 2023 12:00

Agian ez da izango Euskal Herriko ospakizunik ezagunena, baina bai bitxienetako bat. Antzara Eguna da Lekeitioko San Antolin jaietako ospakizun handia. Azken 300 urtean baino gehiagoan, hegazti hori izaten da udalerriko protagonista nagusi.

2022an, hitzordu handi horrek musikaz eta giro bikainez bete zituen berriro herriko kaleak, bi urtez ospatu gabe geratu ondoren. Eta lehenbiziko aldiz antzara artifizialak harrapatzeko obligazioarekin bueltatu zen. Era berean, izan zen aldaketatxoren bat egutegian eta beste ezustekoren bat ere bai. Zer gertatuko ote da aurten?

Guuk-en egin ditugu maletak, eta bagoaz Lekeitio aldera egun batzuetarako, Antzara Eguna bertatik bertara ezagutzera. Prestatu mugikorreko kamera argazki eder askoak ateratzeko, ahaztezinak baitira festa hauek 🦆🦆🦆.

Antzar Eguna Lekeitio

2023ko Antzara Eguna: noiz izango dira antzarak Lekeition?

Aurten ere, udako azken egunetan izango dira Lekeitioko jaiak. Azken orduko ezustekorik izan ezean, Udalak dagoeneko finkatu ditu San Antolin jaietarako data ofizialak.

  • 2023ko sanantolinak: 2023ko irailaren 1etik 8ra (ostiral batean hasi eta hurrengoan bukatu).

Ospakizunek aste osoa iraungo dute, baina, aurten ere, Antzara Eguna izango da egun handia. 2023ko irailaren 5ean (asteartea), lekeitiarrak potinetara igoko dira, mahoizko jantziak soinean dituztela, antzara artifizialen lepoari heltzeko.

San Antolines Día de Gansos Lekeitio 2023

Lekeitioko Antzara Egunaren jatorria: nondik-nora ospakizun hori?

Halako jai bitxiak izaki, jakin-mina ere pizten da, eta zer jatorri ote duten galdetzen diogu geure buruari. Lekeitio aldean, ez dute halako zaletasun ikaragarririk konpartsekin edo erraldoiekin, eta ez dira zezenzaleak ere. Mendeak daramatzate ospakizunetan antzarak baliatzen.

1631koa da lehen aipamena. Garai hartan, Andre Mari egunean heltzen zioten lepotik antzarari: abuztuan, eta ez irailean, orain egiten duten moduan. Lumoko elizatean edo Markinan erosi, eta Lekeitioko porturaino eramaten zituzten antzarak.

Kontuan izan behar da garai hartan antzara-jaia ez zutela egiten irailean, baizik eta herriko zaindariaren jaiak Andre Mariaren eta San Rokeren omenez egiten zituztela (abuztuaren 15ean eta 16an). San Antolin XVIII. mendearen hasieran bihurtu zen Lekeitioko patroi.

Antzara Eguna San Antolin jaietan

Lehenbiziko Antzara Eguna, gaur egun ezagutzen ditugun prozedura eta tradizio guztiekin, 1877an egin zuten. Garai hartan, noski, marinelek bakarrik parte har zezaketen, eta garbiak ziren abiadura- eta kide-murrizketa: 12 arraunlari eta patroi bat.

Gainera, ez ziren joaten mahoizko jantziekin, alkandora eta tankera bereko galtzekin baizik. Aldiz, egungoen berdinak ziren altxaerak, antzarak eta gainerako arauak. Hori bai, animaliak sedatuta eta bizirik zintzilikatzen zituzten. Eta, nork irabazi ote zuen zalantzarik izanez gero, lasterketa bat egiten zuten portuan zehar potinetan.

Nolanahi ere, jatorrizko ospakizunaren bilakaera argia zen, zeina ez baitzen egiten uretan, baizik eta Lekeitioko plazan bertan. Zaldi gainean egiten den beste aldaera horri eutsi diote hainbat tokitan, hala nola Markina, Sara, Biriatu, Zudaire edo Urruñan. Guztiak inauteri-ospakizunekin loturik.

Lekeitioko 2023ko sanantolinak: zer ikusi eta zer egin

Antzara Egunera joan aurretik, kontuan izan Lekeitio ospakizunez gainezka topatuko duzula aste osoan. Ekitaldien orduak aldatu egiten dira urte batetik bestera, baina nahikoa da Kulturklik ataria bisitatzea 2023ko programa ikusteko.

Irailaren 1a – Bajada Eguna

San Antolin jaietako lehen eguna herriko kuadrillei eskainia da. San Antolin bezpera da, eta kuadrillen ohiko jaitsiera izaten da Lekeitio aldean 19:30etik aurrera. Jaiak txupinazoaren eta Anteroren jaitsieraren ondoren hasten dira ofizialki, ordu erdi geroago.

Musika eta buruhandiak ere izaten dira. Gauean, gainera, zezenketa ere izaten da (zezen artifizialarekin), baita DJ saioak ere.

Irailaren 2a – San Antolin eguna

San Antolin eguna da Lekeitioko jaietako beteenetako bat. Goizean goizetik, kalejira izaten da, akordeoi-bandak alaiturik. Ekitaldi nagusia eguerdian hasten da: udal-ordezkariak prozesioan joaten dira elizaraino.

Meza Nagusia entzun eta gero, udal-bandaren kontzertua izaten da. Arratsalde-partean, pilota-txapelketa izango da Santi Brouard pilotalekuan, bai eta txapela-jaurtiketa tradizionala ere. 2023an, XVIII. edizioa egingo da (Uribarren, 18:00ak aldera).

Iluntze aldera, bertsolariak izango dira udaletxe aurrean, baita aurtengo ediziorako programaturiko artista gonbidatuaren kontzertua eta su artifizialak ere. Eguna amaitu aurretik, dantzaldiak eta zezensuzkoa ere izango dira.

txapel jaurtiketia Lekeitio

Irailaren 3a – Tutilika Eguna

Ezin ditu galdu txirrindulari-lasterketa tradizionala: 10:00etan abiatuko da Oier Elorriaga memorialean (Euskalduna Torneoan bilduta), kadeteen futbol-txapelketa Larrotegi zelaian, eta txistulariak (eguerdian, udaletxe ondoan). Arratsalde-partean, musika gehiago, futbol gehiago eta beste eskubaloi-lehiaketa bat.

Gau-partean, berriz, joan Lekeitio herrigunera, 2023ko jaietarako programatu dituzten kontzertuez gozatzera. Iaz, adibidez, Puro Relajo, Doctor Deseo eta AC/DCren omenezko talde baten saioak izan ziren.

Irailaren 4a – Antzara Bezpera

Badator egun handia, eta ondotxo dakite hori lekeitiarrek. Kultura-etxea zabalik egongo da goiz osoan, hurrengo egunean Antzara Egunean parte hartuko duten potinen izen-emateak jasotzeko. Bien bitartean, paella-lehiaketaz goza dezakezu 10:00etatik aurrera. XXVII. edizioa du aurten!

Eguerdi-partean aukeratzen da irabazlea, eta ondoren arrozak dastatzeko platerak banatzen dira. Eguna lasai igarotzen da, mus-txapelketa, musika apur batekin eta, noski, zezen gehiagorekin.

Irailaren 5a – 2023ko Antzara Eguna

Iritsi da azkenik egun handia! Nola izaten da Antzara Eguna? Oso erraza da. Soka edo unama bat zintzilikatzen da itsasadarra alderik alde gurutzatuz. Antzara erdian ipintzen dute, hanketatik zintzilik. Kontuan izan 2022tik artifiziala dela (ordura arte harrapatzaile bakoitzari uzten zitzaion aukeratzen).

Garai batean, animalia bizirik ipintzen zen sakrifikatzeko; azken hamarkadetan, sedaturik jartzeari ekin zioten, eta, geroago, aldez aurretik hilda. Iaz hasi ziren Antzartek erabiltzen: Gaiker Teknologia Zentroak garatutako antzar artifiziala.

12:00etan egiten da txapelketako harrapatzaileak aukeratzeko zozketa, eta 16:00etan hasten da ekitaldia bera. Tiratzaile batzuk unamaren alde batean egoten dira prest (kaiaren beste aldean). Soka tenkatu eta askatu ibiltzen dira, parte-hartzaileak altxatzeko.

Potin bakoitza itsasadarrean igarotzen da, kuadrilla gainean dela. Antzara artifizialari helduko diona erraz identifika daiteke: mahoiz jantzita, alkandora urdinarekin eta zapi koadrodunarekin. Hegaztiaren ondotik igarotzean, indarrez heltzen dio antzarari, eta igotzen hasten da.

  • Helburua da ahalik eta denbora luzeenez eustea, uretan sartu eta irten ibili bitartean.

18 urtetik gorakoek bakarrik parte hartu ahal dute. Lehen esan bezala, bezperan eman behar da izena, eta aukeraketa Antzara Egunean bertan egiten da, goizean. Potin bakoitzean zortzi pertsona joaten dira, patroia barne.

Antzara Eguneko sariak

Baina zertarako hainbeste ahalegin? Bada, lekeitiarren eta bisitarien txalo-zaparrada jasotzeko, herriko jaietako historian tokitxo bat egiteko eta, gainera, dirutxo bat irabazteko.

  • Irabazlea: antzara artifiziala eramaten duena. 300 euroko saria eta txapela.
  • Altxaera gehien egiten dituena: unamari helduta gehien irauten duenak ere badu saria. Beste 300 euro.
  • Dotoreziaren saria: ontzia, jantziak, arraunen pintura, abiadura, exekuzioa eta beste hainbat alderdi ebaluatzen dira.

2022an 101 potinek eman zuten izena; horietatik 25 Lekeitiotik kanpokoak ziren. Aurten kopuru hori gainditzea aurreikusten da, itsasadarrean lehiaketak irauten duen hiru orduetan.

Umeen Eguna eta San Antolin jaien amaiera

Irailaren 6a Lekeitioko haurrei eskainia izaten da. Goizean, ur-festa izaten da herriko kaleetan zehar, eta eguerdian, berriz, haurrentzako masta-punta. Tailerrak, dantzak eta zezen gehiago izango dira jaietako azken-aurreko eguna amaitzeko.

Eta, jaiak amaitzeko, buruhandiak eta erraldoiak, haurrentzako ekitaldi gehiago, kalejira, herri-bazkaria eta aurtengo festetako azken zezensuzkoa. Gau-partean amaituko dira aurtengo San Antolin jaiak, eta hurrengo Antzara Egunaren zain geratuko dira lekeitiarrak eta kanpokoak.

Ikusten duzunez, izugarrizko ospakizuna da Antzara Eguna. Guuk-en amorratzen gaude Lekeitio aldera joan eta gure tradizioez gozatzeko. Zatoz gurekin! Etxetik irten aurretik, ez ahaztu mugikorrerako tarifarik onena hautatzeaz. Sartu gure webgunean eta deskubritu.

Erlazionatutako berriak