
Euskal Hiria
Gasteizko errege-desfilea: ordutegia eta ibilbidea
3 minMeltxor, Gaspar eta Baltasar goizeko 11etan iritsiko dira tren-geltokira, eta handik ekingo diote gozokiak eta ilusioak banatzeko hirian egingo duten desfileari.
Euskadiren bihotzean historia, espiritualtasuna eta edertasun arkitektonikoa uztartzen dituen esperientzia bat nahi dutenentzat, aparteko txokoa da Loiolako Santutegia. Nahasian ageri dira natura, eraikin ederrak, bakea eta euskal ondare magikoa. Aho zabalik utziko zaitu.
Urola bailara pintoreskoan dago, Azpeitia eta Azkoitia udalerri xarmagarrien artean. Konplexu ikusgarri hori, erromesaldi-zentro garrantzitsu bat izateaz gainera, Euskadiren sinboloa ere bada, bihotz-bihotzean duguna.
Imajina ezazu zeure burua tipi-tapa oinez Jesusen Lagundiaren sortzaile San Ignazio Loiolakoa jaio eta hazi zen leku berean, eta, bien bitartean, bertatik bertara deskubritzea basilika barrokoaren historia aberatsa eta arkitektura-handitasuna, kupula ikusgarri eta guzti.
Gainera, santutegiak zenbait hizkuntzatan eskaintzen ditu bisita gidatuak —euskaraz ere bai—, eta, San Ignazioren bizitzaren xehetasunetan barneratzeaz gainera, esploratu ahalko dituzu Museo Sakratuaren altxorrak ere.
Gogoeta espiritual baten edo bidaia kultural baten bila bazabiltza, edo, besterik gabe, arkitektura historikoa miretsi nahi baduzu, beso zabalik duzu zain Loiolako Santutegia. Zatoz eta bizi esperientzia paregabe hau, Euskadiren tradizio eta espiritualtasun aberatsarekin bat egiteko!
Loiolako Santutegia Euskal Herriko monumentu-multzo erlijioso ikusgarri bat da, Azpeitiko Loiola auzoan kokatua. Jesusen Lagundiaren (jesuitak) sortzaile Ignazio Loiolakoaren jaiotetxearen inguruan dago eraikita santutegia, Urola ibaiaren ertzean, Azpeitia eta Azkoitia artean.
Santutegiko basilika estilo barroko eta churriguereskoaren adibide bikaina da. Kupulak 65 metroko garaiera du kanpoaldetik, eta barrutik, berriz, 50 metrora iristen da, 20 metroko barne-diametroarekin.
Santutegia 1689an hasi ziren eraikitzen; 1738ra arte behar izan zuten eliza eta hego hegala eraikitzeko, eta iparraldeko hegala, berriz, 1760-1767 bitartean amaitu zuten.
Konplexuaren barruan dago Museo Sakratua: liburu eta objektu liturgikoez gainera, hantxe daude San Ignazioren etxeko jatorrizko kaperako aldarea eta alboko ateak ere. Liburutegia, ostatua eta erlijio-zerbitzuak ere baditu.
Santutegia, debozio-leku izateaz gainera, interes kulturaleko tokia ere bada. Kultura-intereseko ondasun izendatu dute, eta euskal ondare eraikiaren parte da. Euskadiko santutegi garrantzitsuenetako bat da, Arantzazukoarekin batera.
Orain, seguruenik bisitan joango zarenez, jakinarazten dizugu badituztela bisita gidatuak ere, Loiolako San Ignazioren bizitzari buruz gehiago jakiteko. Ibilbide horietan, barnetik zein kanpotik erakusten dute Loiolako basilika, baita loiolatarren jaiotetxea ere.
Esan dugun bezala, Loiolako Santutegira sartzeko erreserba egin behar da aurrez, bisitari guztiak eroso egon daitezen, eta, era berean, ordena eta segurtasuna bermatzeko. Horretaz gainera, bertako gidariek informazio guztia emango dizute bisita gidatuetan, eta haiek kontatuko dizkizute San Ignazioren bizitzaren xehetasun eta sekretu guztiak.
Ondo baino hobeto prestatuta joan zaitezen, jarraian emango dizkizugu bisitei, sarrerei eta gainerakoei buruzko xehetasun garrantzitsuenak.
Sarrerak eskuratzeko, Loiolako Santutegiko Turismo Informaziorako Gunearekin jar zaitezke harremanetan. Bisita gidatuak antolatzeaz gain, Loiolako San Ignaziorekin eta santutegiarekin lotutako produktuak saltzen dituzte.
Loiolako Santutegira berez doan sar daiteke, baina bisita gidatua nahi dutenek ordaindu egin beharko dute. Taldeen kasuan, aurrekontu pertsonalizatu bat eskatzea gomendatzen da.
Taldean bisitatu nahi baduzu, komenigarria da aurrez harremanetan jartzea aurrekontu pertsonalizatua jasotzeko eta tokirik baduten ziurtatzeko.
Dagoeneko ikasi dituzu paraje horri buruzko historia eta inguruabarrak, badakizu zer ikusi, eta kontatu dizugu sarrerak nola eskuratu. Orain, Loiolako Santutegira nola iritsi jakitea besterik ez zaizu falta, Euskadiren bihotzean historiaz beterik dagoen leku enblematiko horretara iristeko.
Jarraian, Bilbotik, Gasteiztik eta Donostiatik nola iritsi azalduko dizugu, autoz zein garraio publikoa erabiliz.
Garrantzitsua da garraio publikoaren ordutegiak eta erabilgarritasuna egiaztatzea bidaia planifikatu aurretik; izan ere, gerta daiteke aldaketak edo zerbitzu bereziak izatea jaiegunetan edo asteburuetan.
Ikusten duzunez, Loiolako Santutegia ez da erromesaldirako eta espiritualtasunerako destino hutsa; horretaz gainera, gune interesgarria da Euskadiko kulturan barneratzeko eta arkitektura bisitatzeko. Zure bisita planifikatzean, funtsezkoa da Interneteko konexio ona izatea, mapak, ordutegiak eta bestelako informazioa kontsultatzeko. Ez kezkatu, Guuk-en dena kontrolpean baitaukagu; aukeratu zuretzako tarifarik onena eta partekatu esperientzia nahi duzunarekin.