Euskal Hiria
San Saturnino 2024: Iruñeko zaindaria ospatzen
3 minBizi ezazu festa honen izpiritu aparta Iruñeko alde zaharrean: prozesioak, dantzak eta baita Gabonetako argiak pizteko ekitaldia ere.
Nahiz eta ez den hain ospetsua, Nafarroan egin beharreko geldialdi bat da gure ustez, Nafarroan zaudenean galdu ezin duzun ikuskizun natural bat. Bai, nafar Pirinioetako arroila magiko horretan egin daitekeen ibilbide bati buruz hitz egingo dugu.
Ez alferrik, inguru horretako ikuskizun menditsuari forma ematen dioten paisaia eta jarduera ugari Pirinioaurreko mendilerroetan daude ezkutaturik. Kasu honetan, protagonista Irati ibaia da, Iratiko oihanean sortu eta handik jaisten dena Aragoi ibaian isurtzeko. Bere bidean zintzur ikusgarri hau eratu du.
Jantzi botak, deitu kuadrillakoei eta etorri Guukekin Irunberriko arroila ezagutzera. A! Eta ez ahaztu mugikorra, pantaila-atzealde guztietarako moduko argazkiak egingo dituzu eta. Goazen esploratzera!
Arroilak ibai batek mendien artean edo beste goragune batzuen artean eratutako estuguneak edo meharguneak dira. Halakoxea da Irunberriko arroila, Nafarroako izen bereko herrian dagoena.
Erruduna Irati ibaia da: esan bezala, Iratiko oihanetik abiatuta jaisten da (punturik garaiena Orhiko gailurra da, 2000 m-ra baino gehiagora), eta, bidean, ildoak uzten ditu nafar Pirinioetan eta Pirinioaurreko mendilerroetan, Aragoi ibaiarekin topo egin arte. Bidean, Irabiako uharkatik igarotzen da, eta Iñarbeko arroila nola Irunberriko arroila eratzen ditu.
Irunberriko arroila kilometro bat baino luzeagoa da, eta, barruan, sai arreen eta sai zurien kolonia handi-handi bat dago, eta balio handiko landaredia. Eta hori guztia 150 metrotik 400 metrorainoko harrizko hormen artean dago.
Horren ondorioz, agintarien babes handia du, eta oso interesgarria da ekosistema aztertzen aritzen diren Europako eta nazioarteko profesionalentzat. Gainera, erreserba naturala da 1987az geroztik. Eta Iruñetik 40 kilometrora baino ez!
Fauna, bistak eta, batez ere, instalazioak. Ibilbidearen ezaugarriak ikusita, Irunberriko arroilara familia osoa joatea gomendatzen dizugu. Ibilbide laburra da, inklinaziorik gabea, eta gelditzeko, atseden hartzeko eta aurpegia bustitzeko leku asko daude.
Eta hala da 1955era arte Zangoza eta Iruñea lotu zituen trenbide-linea zaharrean ibiliko zarelako. Gaur egun, linea hori Iratiren bidegorri ospetsua da, eta bizikletak eta gurpil-aulkiak ere pasatzeko moduko bide zabalak ditu.
Irunberriko arroilako ibilbidea |
|
DISTANTZIA |
3,5 km |
DESNIBELA |
+- 234 m |
IRAUPENA |
Ordubete, gutxi gorabehera. |
Ibilbidea aparkalekuan bertan hasten da, Irunberriko arroilatik metro gutxira. Leku-kopurua mugatua denez, beteta dagoenean hobe duzu herrian bertan edo inguruan aparkatu.
Aparkalekutik abiatuta, 4-5 minutu beharko dituzu zintzurrera ematen duen lehen tunelera iristeko. Igarobidea 160 metro luze da, eta ez dago argi artifizialik. Beraz, mugikorra atera eta linterna piztea komeni da, eguna oso eguzkitsua ez bada.
Hortik aurrera, ez du misterio handirik. Irteten zarenean, Irunberriko arroilaren bereizgarriak ikusiko dituzu zuzenean: Irati ibaia eskuinaldean, eta harrizko hormak bidearen alde bakoitzean. Bideari jarraitu eta bistez gozatu: hori duzu zeregin bakarra!
Hori bai, noizik behin gelditzea gomendatzen dizugu, hegaztien habiak eta harkaitzen arteko landaredia ikusteko. Bidea zabala da, eta ez diezu beste ibiltariei enbarazu egingo gelditzen zarenean.
Aurrera egin ahala, zintzurra estutu egiten da, eta gero zabaldu. Bidea Irati ibaira gerturatzen doa, eta ibilbidearen erdian, hurbil-hurbil izango duzu. Ibili kontuz, korrontea indartsu samarra da eta.
Ibaiari adi egotea gomendatzen dizugu, indar txikiagoarekin igarotzen den lekuetan gelditzeko. Horiek dira argazkiak egiteko lekurik onenak. Izan ere, etxetik atera aurretik Interneten topatu dituzunak toki horietan atera dituzte.
Ordu-erdiko ibilaldia egin ostean, bigarren tunelera helduko zara. Irunberriko arroilatik aterako zaituen igarobide bat da, 200 metro baino gehiago dituena, eta Ledearako bidea hartuko duzu ondoren. Orduan, jarraitzea edo buelta ematea erabaki dezakezu.
Eta tuneletik irten bezain laster... sorpresa! Bidean aurrera jarraitu dezakezu edo desbideratu, bere garaian Deabruaren zubia zenera joateko (kontuz, bidea estua eta apur bat arriskutsua da). XVI. mendeko igarobide bat da, 15 metroko garaiera duena Irati ibaitik gora. Izen hori jarri zioten zeren, kontatzen dutenez, arkitektoak deabruaren laguntzarekin eraiki baitzuen.
Ledea eta Iratiren ezkerraldeko beste udalerri batzuk lotzeko erabiltzen zen. Zubi hori gabe, herritarrek Aragoi ibaiaren gaineko zubiraino joan behar zuten zeharkatzeko, edo txalupaz saiatu. Arazoa da ibaia emaritsua dela beti; horregatik izan zen zubia hain estrategikoa.
Espoz Mina arroilako beste zubi bat eraisten saiatu zen inbasio frantsesean, eta frantsesek berek ibilbidean ikusiko duzun zubia suntsitu zuten. Hori 1812an gertatu zen, eta hondarrak hor gelditu dira.
Ez dago kontatzeko askoz gehiagorik. Bideak zenbait kilometro jarraitzen du Ledearaino, eta udalerri horren inguruan dagoen antzinako erromatar villatik gertu-gertu igarotzen da. Jarraitu nahi ez baduzu, itzul zaitezke, arroila ikusia izango baituzu jada.
Irunberriko arroila ikusteko beste ibilbide bat ere badago, baina ohikoa baino dezente luzeagoa da. Zailtasunari dagokionez, desnibela ez da handia eta bideak oso zailak ere ez, aurrekoan bezala. Ibilbidearen zati bat aurrekoaren berbera da, baina beste toki batetik itzuliz luzatuko dugu.
Irunberriko arroilako ibilbide LUZEA |
|
DISTANTZIA |
6,45 km |
DESNIBELA |
+- 360 m |
IRAUPENA |
Bi ordu, gutxi gorabehera. |
Zintzurra igaro eta Ledearantz aurrera egin behar duzu, besterik ez. Askoz aurrerago, biratu eta Irunberrirantz itzuli ahalko zara, baina jatorrizko bidearekiko paralelo doan beste batetik.
Azken zatia askoz aspergarriagoa da, baina une batzuetan oso ederra da, arroilara goitik gerturatzen zara eta. Denbora baduzu eta ongi ezagutu nahi baduzu, oso gomendagarria da. Jarraitu marka zuriei, eta arazorik gabe aurkituko duzu.
Sen ona besterik ez duzu behar. Zer eramango zenuke mendi-ibilaldi batera? Eta haurrekin edo adinekoekin joango bazina? Irunberriko arroilan ez dago aparteko zailtasunik (Guuken aipatu ditugun beste ibilbide batzuetan ez bezala); beraz, egon lasai.
Zer eramango genukeen guk Irunberriko arroila bisitatzeko?
Laburregia iruditu zaizu? Ez dago arazorik, Leireko mendilerroan askoz gauza gehiago baitaude ikusi eta egiteko. Irunberrin bertan hastea gomendatzen dizugu: arroilari buruzko informazioa emango dizun eraikin bat dago han.
Geologia, fauna, historia, kultura... Eraikin hau museo moduko bat da, eta inguruari buruzko datu mordoa dago. Beheko solairuan, Irunberriko eta Arbaiungo arroilak ikus ditzakezu. Lehen solairuan erakusketa bat dago, eta gainerakoetan, proiekzio-areto bat eta ludoteka-liburutegi bat.
Ibilbidea egin aurretik edo ondoren joan zaitezke. Dena den, ondoren joatea aholkatzen dizugu, ibilbidea berandu ez hasteko.
Eskualde honetan ikusi beharreko beste zintzurra da. Irunberriko arroila Irati ibaiak eratu zuela esan dugu, eta Arbaiungo arroila, berriz, Zaraitzu ibaiak. Arroila horretara joateko, hartu NA-178 errepidea Otsagabirantz. Eta bai, bidaia egitea merezi du, zalantzarik gabe.
Ibilbidea ez da aurrekoa bezain erraza, eta Isoko begiratokian geratzea gomendatzen dizugu, patxada osoz gozatzeko. Aparkalekua doakoa da, eta eskertzekoa da hori, nolako paisaia ikusteko parada izango duzun kontuan hartuta. Aurretik, 6 kilometroko arroila duzu, 400 metroko garaierako hormez osatuta.
Egundoko bi zulo mendian (La Piedra eta San Adrian labarrak), sai arreak eta gainerako hegaztiak hurbiletik ikusteko. Irunberriko arkuei Irunberriko begi ere esaten zaie: iristen zarenean ulertuko duzu zergatik.
Hasierako aparkalekua izango da abiapuntua, eta, lehen tunelera sartu aurretik, ezkerrerantz doan bidezidor bat hartu behar duzu. Laster, gora hasiko zara, apur bat zabalagoa den pista batera heldu arte. Biratu ezkerrera berriro, eta jarraitu lehen begiraino.
Aurrerago, bigarrena topatuko duzu (Lirozeko arkua), eta, gogoa baduzu, ermitaraino igo ahalko zara amaieran, kateekin babestuta dagoen bidexkatik edo aurrerago dagoen gurutze-bidetik. Mendian ibiltzera ohituta daudenentzat soilik da gomendagarria.
Historia gustatzen bazaizu, ezin duzu Irunberriko arroilatik alde egin Ledeako erromatar villa ezagutu gabe. Zintzurrean zeharreko bideak berak eramango zaitu 1940ko hamarkadan aurkitu eta milaka urte dituen hiri zaharreraino.
Lehen villaren aztarnak K.o. II. mendekoak dira. Urteko une jakin batzuetan soilik bizi zen jendea han, eta horma batzuen hondakinak besterik ez daude. Garai hartan, germaniar tribuek suntsitu egin zuten barbaroen inbasioetan.
Aurrerago berreraiki zuten, eta garairik gorena IV. mendean bizi izan zuen. Ordukoa da orain dagoen esparrua, hektarea bat duena, gutxi gorabehera. Barruan, gelak, putzuak eta termak ere ikusten dira. Sarrera dohainik da!
Eta hori da dena. Irunberriko arroila naturaren mirari bat da, nafar Pirinioetarako bidean galdu ezin duzuna. Guuken, bidaia horretan lagunduko dizugu mugikorrerako tarifarik onenarekin. Gozatu gure lurraldean, lagunekin konexioa galdu gabe.