icono menu icono cerrar menu Menua Itxi

Aixerrotako paellak: nazioarteko lehiaketarik zaharrena

15 Julio 2024 12:51
Paellas Aixerrota

Badakigu guztiok sukaldaritza dela Euskadik duen altxorretako bat. Normalean, pintxoak, karolinak edo lupia Donostiako erara izaten ditugu gogoan, baina hori baino askoz gehiago da. Badakizu Aixerrotako Nazioarteko Paella Lehiaketa egiten dela Getxon eta, gainera, munduko paella-lehiaketarik zaharrena dela?

Bai, bai, ondo irakurri duzu. Hogei paellaren arteko lehiaketa inprobisatu gisa sortu zenak 200 paellatik gora biltzen ditu gaur egun, eta Euskadiko jai gastronomiko handienetako bat da, gainera. Hona hemen Aixerrotako paellen historia eta agenda.

Paellas Aixerrota

Aixerrotako paellak: nazioarteko lehiaketarik zaharrena

Urtero, uztailean, Getxoko gure herri maitea paellaz, chefez eta mahai onaren maitalez betetzen da, guztiak ere Nazioarteko Paella Lehiaketan sariren bat irabazteko ilusioarekin, eta, noski, konpainia onean paella eder batez gozatzeko asmoarekin.

2024 honetan, paellaren hitzordu handia uztailaren 25ean izango da, osteguna, egun ezin hobea udako giroarekin deskonektatzeko eta zapore onarekin konektatzeko. Txanda-pasa egingo diozu?

Aixerrotako Paella Lehiaketaren historia

Aixerrotako Paella Lehiaketa 1956an ospatu zen lehen aldiz Getxon, lagun batzuen ekimenari esker: Damian Ayo, Antonio Bilbao eta Felix Yurrebaso, "Irurena" elkartea osatzen zutenak.

Jatorrizko agertokia ez zen Aixerrota, Azkorriko zelaiak baizik. Han egin zituzten lehen hamahiru edizioak. Urtetik urtera, gero eta jarraitzaile gehiago izan zituen, baita Euskaditik kanpo ere: Alemania, Frantzia eta Estatu Batuetako jendea ere erakarri zuen.

Esate baterako, 1962an, 7.000 pertsona inguru bildu zituen, amerikar kontsulorde bat ere tartean, eta 150 paellak hartu zuten parte lehiaketan. Hiru urte geroago, 1965ean, honela zioen Gaceta del Nortek: "239 paella Azkorriko zelaietako lehiaketan" [...] "Paella-lehiaketa handituz doa”.

Ordurako, milaka bisitari eta sukaldari biltzen zituzten Getxoko paellek, baita sukaldari ospetsuak ere, Euskal Herrikoak zein lurralde urrunetatik etorriak, hala nola Singapurtik edo Australiatik, eta komunikabideetako goiburuetan agertzen ziren.

2024ra itzulita, paellarik originalenak prestatu edo ikusi nahi badituzu, ez huts egin Aixerrotako paellak Getxon uztailaren 25ean, ostegunean.

Non egiten dira Aixerrotako paellak?

Urtero, Getxoko Aixerrota errotatik gertu, milaka lagun elkartzen dira Nazioarteko Paella Lehiaketaz gozatzeko. 2024 honetan, 69. edizioa izango da. Getxoko kostaldean, Galea pasealekua dago, eta bertan bi leku ezagun daude: Galeako gotorlekua eta Aixerrotako errota bera.

Getxo herri arrantzalea da, eta xarma handia du. Portu Zaharra eta hondartza ikusgarriak ditu: Areeta, Ereaga eta Barinatxe ospetsua. Getxora iristean, ikusiko duzun lehenengo gauza Bizkaia zubia izango da, zubi esekia ere deitua, UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatua 2006an.

Beraz, Aixerrotako paellez gozatzeaz gainera, herri ederrean paseo bat ematea eta herriak zuri eskaintzeko duen guztia ezagutzea ere gomendatzen dizugu.

Aixerrotako 2024ko paella-lehiaketaren egitaraua

Itxas Argia elkarteak antolatzen du. 1958an sortu zuten elkartea gazte batzuek euskal kultura bultzatzeko asmoz, eta Getxoko Andra Mari auzoko bizitza sozial eta kulturaleko erreferentzia ezaguna da gaur egun.

Haien ardura da Aixerrotako Paella Lehiaketa antolatzea, eta dagoeneko prest dago 2024 honetako ekintza-egitaraua. Getxotarrak hasiak dira egun handirako sukaldeak atontzen.

  • 10:30: Paella-lehiaketan izena ematea
  • 12:00: Lehiaketarako deia txalaparta bidez (TXALAPARTA ZAHARRA)
  • 12:05: Aurreskua
  • 12:10: Itxas Argia dantza-taldeko haurren dantzaldia
  • 13:30-14:30: Paella-aurkezpena
  • 17:30: Sari-banaketa
  • 18:30: Erromeria Garilak 26 taldearekin

Jarduerak eta Aixerrotako Paella Lehiaketaren antolaketa

Gastronomiarekin batera, musikak eta dantzak ere badute lekua, baina beti bezain sendo eusten zaio une gozoak partekatzeko eta ondo pasatzeko irrikari. Aurten ere, Itxas Argiak tona bat egur eta 300 bat kilo arroz banatuko ditu Algortako zelaietan parte-hartzaile ofizialen artean, eta aurrez erreserbatu eta esleitutako partzeletan banatutako berrehun olanaren gerizpean arituko dira jo eta su sukaldariak.

Goiz-goizetik, gogor aritzen dira lanean lagun-talde eta kuadrillak, denak ere lehiaketako paellarik onena prestatu nahian. Sukaldea muntatzea, sua piztea eta osagai guztiak prestatzea ahaztezina izango den egunaren hasiera baino ez da.

Aixerrotako Paella Lehiaketaren sariak

Dantza eta ikuskizun guztiak bukatzen direnean, epaimahaiak bildu eta egun osoa sutan daramaten paella guztiak dastatu behar ditu. Mahaiz mahai, koilaraz koilara iritsiko dira azkenean epaira.

Funtsezkoak dira zaporea eta arrozaren puntua hartzea, baina, haietaz gainera, Aixerrotan bada beste osagai funtsezko bat: sormena. Izan ere, ez gara ari paella-lehiaketarik tradizionalenaz: Aixerrotako paellek berezko estilo eta arauak dituzte. Beraz, zabaldu zeure gogamena eta pentsatu handikiro.

Badira, adibidez, sumendi- edo aza-formako diseinu paregabeak, bai eta lehiaketarako propio jantzitako paella-sukaldariak ere. Originaltasunak ere balio du!

Seguru orain ahogozoa egiten ari zaizula, eta ez da gutxiagorako! Aixerrotako paellak dituzu zain, eta Guuken zurekin egon nahi dugu egun berezi horretan. Zuk gogoa jartzen duzu, eta guk konexioa. Aixerrotako 2024ko paella-lehiaketan ikusiko dugu elkar!

Erlazionatutako berriak