icono menu icono cerrar menu Menua Itxi

3D grafikoak airean nola manipulatu ikertzen ari da Asier Marzo

26 Mayo 2022 15:49

Inguruan gertatzen denari eta gure lurraldean sortzen diren albiste onei adi egoten da beti Guuk. Kasu honetan, Nafarroan sortutako proiektu batean jarri dugu arreta; zehazki, Asier Marzo Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslearen InteVol proiektuan (Airean 3D grafikoen manipulazioari buruzko proiektua).

Urtarrilean, Starting Grant beka ospetsua jaso zuen proiektuak. European Research Councilek ematen du ikerketarako beka hori, eta 1,5 milioi euroko laguntza ematen du bost urterako.

Nafarroan sortutako proiektu teknologikoa

1977an, Star Warsen lehen filmean, ikusi genuen nola Leia printzesak holograma bat bidaltzen zion Obi Wan Kenobiri laguntza eske; harrezkero, asko aurreratu da 3D holografiaren teknologia. Bada, 3D grafikoak zuzenean airean hartzeko eta manipulatzeko proiektu batean ari da lanean Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta ikertzaile Asier Marzo.

Asier Marzo ingeniaria eta informatikako doktorea da NUPen (Nafarroako Unibertsitate Publikoa). Gainera, Smart Cities Institutuko (ISC) ikertzailea da. Halaber, munduko liderra da lebitazio akustikoa erabiltzen interfaze interaktibo eta berritzaileak sortzeko. Urtarrilean Starting Grant beka ospetsua jaso ondoren, ikerketarekin Nafarroan jarraitzea erabaki du.

Izan ere, Starting Grant bekaren berezitasunetako bat da ikerketa ikertzaileak aukeratutako unibertsitatera eraman daitekeela. Asier Marzok bere etxean, Nafarroako Unibertsitate Publikoan, jarraituko du ikerketarekin, mota horretako Europako programak kudeatzen espezializatutako profesional garrantzitsuak baititu NUPek.

Punta-puntako teknologia 3D grafikoak manipulatzeko

Lebitazio akustikoko teknikak, holografia eta adimen artifizialeko teknikak partikulak iragartzeko konbinatzean datza ikerketa.

Sheldon Cooperrek The Big Bang Theoryn egindako elkarrizketa etorriko zitzaizuen gogora, seguru asko. Honetan datza, labur esanda: airean marrazki bat proiektatu eta beste pertsona batek hiru dimentsiotan ikustea eta, gainera, ukitu eta manipulatu ahal izatea. Ez genuke pantailarik beharko marrazteko; marrazki horiek airean proiektatzeko aukera ematen digun gailu edo display batekin marraztuko genuke.

Orain arte, errealitate birtualeko betaurrekoen eta simulagailuen bidez bakarrik jar gintezkeen interakzioan objektu birtualekin. Ikerketa honen helburua, ordea, harago doa: grafiko horiek zuzenean airean hautematea eta haiekin interakzioan jardun ahal izatea errealitate birtualeko gailu edo hardwarerik gabe.

holografia-3d grafiakoak-asier marzo

Holografia: nola egiten da holograma bat?

Proiektu hau zer den hobeto ulertzeko, zenbait kontzeptu azalduko dizkizugu.

Holografia argazki-teknika bat da, oso aurreratua, eta argia erabiliz hiru dimentsioko irudiak sortzeko balio du. Zehazki, hainbat angelutatik hartutako irudiak bata bestearen gainean jarrita hiru dimentsioko irudi bat sortzea da.

Irudi hori 3Dn proiektatzeko, laser-izpi bat erabiltzen da, film fotosentikor bat grabatzen duena. “Film” horrek, gainera, irudiaren gainazala ez ezik (argazkietan gertatzen den bezala), bolumena ere hartzen du. Beraz, angelu desberdinetatik igorritako argi-sortak gurutzatzen direnean, objektu batean islatu eta holograma hori proiektatzea lortzen da.

Lebitazio akustikoa

Soinu-mugimenduen bidez materiari esekita eustean datza lebitazio akustikoa. Uhin akustikoen bidez lortzen da hori.

Uhin akustiko horiek bozgorailu-matrize batekin sortzen dira. Hau da, maiztasun ultrasonikotan soinua igortzen duten bozgorailuz inguratutako espazio bat sortzen da. Bozgorailuek uhin geldikorrak igortzen dituzte, eta haiek, gurutzatzean, beren bidean jartzen ditugun partikulak harrapatu eta airean esekita eusten diete. Agindu egokiak emanda, partikula lebitatzaile horiek airean mugi daitezke.

Normalean, soinu-uhin horiek maiztasun ultrasonikotan erabiltzen dira, eta, beraz, ez da sortzen gizakiek entzuteko moduko soinurik. Izan ere, intentsitate handiko soinua behar da grabitateari aurre egiteko eta objektuei airean eutsi ahal izateko.

InteVolen display bolumetrikoa

InteVol proiektuaren helburua aurreragokoa da. Horregatik, mota horretako teknologiak adimen artifizialarekin konbinatzen ditu, objektu horiek airean proiektatzeaz gainera urrutiko ukipen-sentsazioak sortzeko.

Ikerketa honen asmoa da objektu birtualak ukitzean errealitate birtualeko gailuetan dagoeneko eskuragarri dauden sentsazioak sortzea, baina inolako gailurik behar izan gabe.

Beraz, InteVol proiektuaren bidez, interakzio zuzeneko display bolumetriko bat sortzeko teknologia garatu nahi da.

Erabiltzaileek ikusmenaren edo ukimenaren bidez informazioa hautemateko balio duten gailuak dira displayak. Gaur egun, badira 3Dko irudiak proiektatzeko partikula lebitatzaileak erabiltzen dituzten zenbait display bolumetriko. Hala ere, teknologia horietako bakar batek ere ez du aukerarik ematen objektu birtual horiek ukitzeko edo manipulatzeko, oraingoz.

Proiektuaren izenak adierazten duenez (InteVol: Interactions with a Reach-Through Volimetric Display), objektu birtualekin zuzenean interakzioan aritu ahal izatea da helburua. Hau da, airean proiektatutako 3D grafikoak ukitu eta manipulatu ahal izatea.

Gure mugikor edo tabletetan mugitzeko ikono bat ukitu eta arrastatzen dugunean bezala, baina, kasu honetan, hiru dimentsioko formatuan eta airean.

Display bolumetrikoen erabilera praktikoak

Askotariko erabilera praktikoak izan ditzake teknologia berri honek; entretenimendukoak, besteak beste.

Mark Zuckerberg metabertsoarekin eta errealitate birtualarekin ari den bezala, industria asko ari dira publikoa entretenitzeko eta harekin interakzioan aritzeko bide berrien bila. Bideojokoen industriak, adibidez, teknologia hori bultzatzen du jokalariak jokoan are gehiago sartzeko.

Beste aplikazio batzuetarako ere erabil daiteke. Ingeniaritzan, adibidez, oso erabilgarria izan daiteke piezak manipulatzeko eta mihiztatzeko. Izan ere, sakoneraren pertzepzioa behar den lanetan oso lagungarria izan daiteke display hori.

Teknikari batek makina jakin baten holograma proiektatu ahal izango luke, eta, eskuak mugitze hutsarekin, piezak eta mihiztatzea berrikusi, eta makinarentzako soluzioak edo aplikazio erabilgarri berriak bilatu.

Beste erabilera batzuk ere izango lituzke, industriaz kanpokoak; hiru dimentsioko planoa behar duten jarduerak errazago manipulatu ahal izango lirateke, eta erabiltzaileek errazago ikusi ahal izango lukete espazioa.

Guuk-ek beti jakin nahi izaten du hemen sortzen diren eta gure lurraldera aberastasuna ekartzen duten proiektuen berri. Horregatik hitz egin genizun Mycroft.eus euskarazko bozgorailu adimendunari buruz. Orain ere erne ibiliko gara Asier Marzoren taldearen aurrerapenen eta proiektuaren aplikazioen berri emateko.

Erlazionatutako berriak